Gizartea -

Gertakaria

Haurtxo bat hil da Madrilen, aitak ahaztuta auto baten barruan orduak eman ostean

Gizona lanera joan da, autoaren atzealdean umea utzi duela konturatu gabe. Ama haurtzaindegira joan denean jabetu da ahanzturaz, baina autora heldu denerako, umea konorterik gabe zegoen.

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

21 hilabeteko haurtxo bat hil zen atzo, asteazkenarekin, Madrilen, auto baten barruan orduak eman ondoren, Espainiako Poliziak jakinarazi duenez. Aitak ahaztuta utzi zuen han, eta lanera joan zen. Poliziak gizona atxilotu zuen, zuhurtziagabekeriazko giza hilketa egotzita. Ostegun honetan geratu da aske.

Hortaleza barrutian jazo zen gertakaria, Ana de Austria kaleko 32. zenbakian.

Poliziaren iturrien arabera, gizonak haurtzaindegira eraman behar zuen alaba, baina hara heldutakoan, autoa aparkatu zuen, haurtxoa barruan utzita, eta lanera joan zen.

15:00ak aldera, ama haurtzaindegira joan zen, baina aitak ez zuela eraman esan zioten.

Xehetasunak ezagutzen ez badira ere, amak topatu omen zuen haurra, konorterik gabe, eta hark atera zuen auto barrutik. Samur larrialdietako zerbitzuko medikuak heldu zirenean, umetxoak bihotz-birikak geldirik zituen.

Medikuak 45 minutuz aritu ziren umea suspertu nahian; alferrik, ordea.

Aurretik ere gertatu dira horrelakoak; duela ia 10 urte, Euskadin, esaterako. 2009ko uztailean hiru urteko ume bat hil zen Leioan, amak autoan ahaztuta utzi, eta lanera joan zenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Madril