Gizartea -

Ekimena

Globo Aerostatikoen Nazioarteko I. Estropada hartuko du Gasteizek ostiraletik aurrera

Larunbatean, "Zeledonen erreskatea" izeneko proba berezia egingo dute. Parte-hartzaileek Gasteizko jaietako ikurra bilatu beharko dute eta, nekazari arabarra aurkitzen dutenean, ontzitxora igo.

Globo Aerostatikoen Nazioarteko I. Lasterketa hartuko du Gasteizek. Argazkia: Gasteizko Udala
Globo Aerostatikoen Nazioarteko I. Lasterketa hartuko du Gasteizek. Argazkia: Gasteizko Udala
Globo Aerostatikoen Nazioarteko I. Lasterketa hartuko du Gasteizek. Argazkia: Gasteizko Udala

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizek Globo Aerostatikoen Nazioarteko I. Lasterketa hartuko du ostiraletik aurrera, eta lehiaketa horretan Espainia eta Frantziako 24 taldek parte hartuko dute. Hiru egunez luzatuko den ekimena San Prudentzio Fundazioak antolatu du, haren 50. urteurrena dela eta.

Esther Unceta-Barrenechea San Prudentzio Fundazioko zuzendari-kudeatzaileak ostegun goiz  honetan aurkeztu du egitaraua, Maider Etxebarria Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritzako zuzendariarekin, Joseba Perez de Heredia Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kiroleko zuzendariarekin eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatearekin batera.

Unceta-Barrenecheak azaldu duenez, lehen hegaldiak ostiral goizean egingo dituzte Salburuako zelaien gainetik, eta parte-hartzaileek haien trebetasuna erakutsi beharko dute zuzendaritzak prestatutako erronka desberdinei aurre eginez. Bost hegalditan lehiatuko dira, eta dagokien helmugara iristeko haizearen norabidea kontuan izan beharko dute.

"Globoekin zerikusia duten jarduera guztiek eguraldiaren menpe daude", ohartarazi du San Prudentzio fundazioko arduradunak. Gauzak horrela, hegaldiak Salburuako zelaien gainetik egitea aurreikusi duten arren, haize-bolada handiak egonez gero ez du baztertu egitarauan aldaketak egin behar izatea.

Larunbatean, "Zeledonen erreskatea" izeneko proba berezia egingo dute. Parte-hartzaileek Gasteizko jaietako ikurra bilatu beharko dute eta, nekazari arabarra aurkitzen dutenean, ontzitxora igo. Horrez gain, "Night Glow" soinu eta argi gau magikoa antolatu dute Armentiako landa-eremuetan.

Unceta-Barrenecheak nabarmendu duenez, lehiaketan parte hartzen duten pilotuetako bost emakumeak dira, eta kirol horretan gutxiengoa izanik, benetako "heroiak" direla azpimarratu du.

Herritarrek ere ekimenean partzeko aukera izango dute, argazki lehiaketa baten bidez. Lehiaketan parte hartzen duten globo aerostatikoei ateratako argazkiak ostiraletik aurrera bidali ahal izango dituzte.

Beste alde batetik, Etxebarriak ekitaldiaren garrantzia azpimarratu du, eta "udako denboraldi altuaren ostean, turismoa erakartzeko mesedegarria" dela nabarmendu du. Ildo horretatik, pertsona asko erakartzeko inguruko beste hirietan antolatzen den ekimen bat dela gaineratu du.

"Araba kirol ugari egiten den inguru jasangarria" dela esan du Perez de Herediak. Urtaranen iritziz, ekimen honekin "hiria jarduera desberdinez beteko da berriro" eta zerua zeharkatuko duten globo aerostatikoek "irudi ikusgarriak" utziko dituztela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala albisteak Gizartea bideoak Gasteiz albisteak Gaurko azken orduko albistea