Gizartea -

'Gaztelueta auzia'

Gurasoek esan dute beren semeak sexu-abusuak eta eskola jazarpena pairatu zituela

Aitak epailearen aurrean azaldu duenez, biktimak ikaskideen irainak eta mehatxuak jasan zituen, eta urteak behar izan zituen jasandako sexu-gehiegikeriak kontatu ahal izateko.

Sexu-abusuengatik akusatutako irakaslea epaiketan. Argazkia: EFE
Sexu-abusuengatik akusatutako irakaslea epaiketan. Argazkia: EFE
Gazteluetako ustezko abusuen epaiketan biktimaren gurasoek deklaratu dute

1:46

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikasle bati sexu-abusuak egiteagatik auzipetutako Gaztelueta ikastetxeko irakaslearen kontrako epaiketaren bigarren saioa egin dute ostiral honetan Bizkaiko Lurralde Auzitegian. Gaurkoan, biktimaren gurasoek deklaratu dute. Semeak nola sufritzen zuen ikusteak "mina" ematen ziela eta "desesperatuta" bizi zirela adierazi dute, zer ari zen gertatzen eta nola lagun ziezaioketen ez zekitelako.

Semeak bere buruaz beste egiteko ahalegina egin zuenekoa azaldu du amak. Bere burua balkoitik behera botatzea ekidin zuen amak. Geroago ere saiakera gehiago egin zituen, "horregatik beti egon naiz bere ondoan, komunera joateko ere ez nuen bakarrik uzten", nabarmendu du.

"Horrenbesteko mina zerk eragiten zion esateko ez zen gai, ez zuen ezer esaten, blokeatuta bizi zen eta horrek ezintasuna sorrarazten zigun", erantsi dute gurasoek.

Ikastetxera joan nahi ez zuelako negarrez topatu zuen egunetako batean, aitak irmotasunez heldu zion eta lehendabiziko aldiz arrazoia zein zen aitortu zion: ikaskideek sare sozialen bidez iraindu eta mehatxatu egiten zuten.

Sexu-abusuei dagokionez, ez zen gai izan hasieratik dena kontatzeko. Urteetan laguntza behar izan zuen egin zizkioten gehiegikeria guztiak pixkanaka kontatzeko. Horregatik, aitak errespetua eskatu du bere semearentzat nahiz sexu-abusuak pairatu dituzten pertsonentzat, prozesua luzea eta zaila izan ohi delako.

2011ko ekainean, semeak Gaztelueta utzi eta ia urtebete geroago, gurasoak ikastetxera bueltatu ziren eta gertatutako guztia Imanol Goyarrola garai hartako zuzendariordearen aurrean salatu zuten. Tutoreak beren semeari sexu-abusuak egin zizkiola, biluzik agertzen ziren emakumeen argazkiak erakutsi zizkiola eta, irakaslearen gelan itxita, alkandora kentzera behartu zuela, hain zuzen ere.

Halaber, ikaskideen irainak eta mehatxuak sufritu zituela salatu zuten, eta irakasleak berak ere irain horietan parte hartzen zuela azpimarratu zuten.

Salaketa larria zen, baina Iñaki Cires ikastetxeko zuzendariak ez zituen bi aste igaro geroago arte hartu, gurasoek kritikatu dutenez. "Badaezpadako neurri gisa, hurrengo ikasturtean, Txema ikastetxean egongo ez zela jakinarazi zigun, baina gure semeari beragatik zela ez esateko eskatu zigun", gaineratu dute.

Alabaina, gaurko saioan Goyarrolak –Gazteluetako egungo zuzendaria- ere deklaratu du eta ukatu egin du halakorik. Akusatua Australiara ingelesa ikastera joan zela adierazi du epailearen aurrean.

Goyarrolak aitortu du "larria" izan zela tutoreak ikaslea bere bulegora horrenbeste aldiz eraman izana eta bilera horien berri ez zuela behar bezala eman.

Era berean, onartu du ez zutela eskola jazarpenari lotutako protokoloa martxan jarri. Biktimaren ikaskideekin hitz egin zutela eta akusatuaren ordenagailua kontrolatu zutela esan du, biluztutako emakumeek irudirik bilatzen ote zuen jakiteko.

Gurasoen salaketaren ondotik, ikastetxeak ikerketa bat egin zuen eta ikaskideek biktima jazarri zutela ondorioztatu zuen. Alabaina, ez zuten neurririk hartu, "gertakariak preskribatuta zeudelako jada". Sexu-abusuei dagokionez, irakaslearen kontrako frogarik ez zegoela adierazi zuen ikerketak.

Hezkuntza Saileko ikuskariak salaketa aztertu zuen eta irakaslearen jarrerak biktimaren aurkako eskola jazarpena "ahalbidetu" zuela ondorioztatu zuen. Fiskaltzak, berriz, auzia artxibatu egin zuen, sexu-abusurik izan zela esateko frogarik ez zegoela iritzita.

Biktimak adin-nagusitasunera iritsi arte itxaron du bere irakasle ohiaren kontrako salaketa jartzeko auzitegietan. Akusazio partikularrak 10 urteko kartzela-zigorra eskatzen du auzipetuarentzat; Fiskaltzak, ostera, hiru.

Gaurko saioan biktimaren ikaskide batek ere eman du bere testigantza, eta berretsi egin du akusatuak sarritan eramaten bulegora, gainerako klase-kideekin alderatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Delituak argazkiak Epaiketak Gizartea Albisteak Hezkuntzako albisteak 2024 Umeak Erlijioa Sexu erasoak Eliza Katolikoa Gurasoak albisteak Eliza Katolikoa eta abusuak