Gizartea -
Krisia krisi
Lehendakariak dio eutsi egingo diotela nazioarteko laguntzari
Patxi Lopezek alor horretan udalek egiten duten lana azpimarratu du eta krisiak krisi, "pobreziaren kontrako borrokak" ez duela "baldintzarik onartzen" esan du.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak herrialde txiroen garapenerako laguntzen alorrean udalek egiten duten lana azpimarratu du, izan ere, "herri mailatik ere jendearen baldintzak alda daitezke eta elkarbizitza demokratikoa sortu bai herri mailan bai mundu mailan”" Era berean, Jaurlaritzaren 2011ko Aurrekontuetan nazioarteko laguntzari eusten diotela gogorarazi du lehendakariak.
Patxi Lopez Donostiako Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean izan da gaur Municipiaren III. Edizioaren irekiera ekitaldian.
Lehendakariak esan du Administrazio publikoaren egungo "lehentasuna krisiak sortu dituen egoerei aurre egitea eta egoera zailean dauden familiei laguntzea" dela, baina horrek "ez du esan nahi mundu mailan ematen diren desberdintasun eta beharrei bizkarra eman behar diegula". "Pobreziaren kontrako borrokak ezin du baldintzarik onartu", ohartarazi du.
Hori horrela, "ahanzturan dauden pertsonen garapenarekiko konpromisoak krisi garaian inoiz baino handiagoa" izan behar duela berretsi du, izan ere, egungo krisia "giza-krisia" ere bada.
EAEk urtero aurrekontutik 50 milioi euro bideratzen ditu kooperaziora, eta 2011 eutsi egingo dio kopuru horri.