Gizartea -
Eguraldia
Abisu horia arratsalderako Gipuzkoan, prezipitazio handiengatik
Iragarpenaren arabera, zaparrada arin zein moderatuak espero dira arratsaldean. Toki batzuetan zaparrada gogorragoak izan daitezke, batez ere ekialdean.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarri du arratsalderako Gipuzkoan. Izan ere, 15:00etatik gauerdiko 00:00ak arte, prezipitazio handiak espero dira, eta litekeena da metro koadroko 15 litro ur pilatzea toki askotan.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak ohar baten bidez zabaldu duenez, tarteka zaparrada handiak espero dira Gipuzkoako zenbait tokitan.
Iragarpenaren arabera, zaparrada arin zein moderatuak espero dira arratsaldean. Toki batzuetan zaparrada biziagoak izan daitezke, batez ere ekialdean.
Biharko eguraldiari dagokionez, eguraldiak hobera egingo duela aurreikusi du Euskalmetek. Dena dela, goizaldean zerua estalita egongo da eta euria egingo du, batez ere ipar-mendebaldean. Egunak aurrera egin ahala, atertzera egingo du, baina arratsaldean hodeiak nagusituko dira Nafarroan.