Gizartea -

Emakumeen kontrako indarkeria

Gizon bat atxilotu dute emaztea eta semea jipoitzea egotzita, Bilbon

Herrizaingo Sailak esan du ustezko erasotzailea seme adingabe bat itotzen saiatu zela eta begian odol-isuria eragin ziola.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 38 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo emazteari eta semeari etengabe tratu txarrak ematea leporatuta, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez.

Emakumea atzo joan zen Ertzaintzaren egoitzara senarrak ematen zizkion jipoiak salatzera. Azkena igandean izan omen zen, Bilbon, haien etxebizitzan. Sesioan ari zirela gizonak emakumea iletik heldu omen zuen eta lurrera bota, seme adingabearen aurrean. Ustezko erasotzailea gero etxetik atera zen eta sakelako telefonotik mehatxuak egin zizikion.

Emakumeak azaldu zuenez, gizonak semeari ere jo zion eta itotzen saiatu zen. Lepoan arrastoak utzi omen zizkion eta begian odol-isuria eragin. Biktimak salatu zuen urteak direla erasoak jasaten dituenetik, baina azkenaldian ugaritu egin omen dira.

Ertzaintza ustezko erasotzailearekin jarri zen harremanetan eta Ertzaintzaren egoitzan bertaratu zenean, atxilotu egin zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea