Gizartea -

UHOLDEAK

10 pertsona hil dira Mallorcan, euriteen ondorioz

Desagertuta dagoen 5 urteko ume baten bila dira, gainera. Balearretako Gobernuak hiru dolu egun ezarri eta ingurua hondamendi-eremu izendatzea eskatuko du.

Sant Llorenç udalerria izan da kaltetuena. Argazkia: EFE
Sant Llorenç udalerria izan da kaltetuena
Gutxienez hamar pertsona hil dira Mallorcan, uholdeen ondorioz

0:13

AGENTZIA | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hamar pertsona hil dira Balear uharteetan, azken orduetako euriteen ondorioz, 112 larrialdi zerbitzuek baieztatu dutenez. Gainera, erreskate taldeak 5 urteko ume baten bila ari dira.

Hain justu, Balearretako 112 Larrialdi Zerbitzuak deia egin die herritarrei larrialdi kasuetan bakarrik deitzeko, laguntza emateko prest deitzen dutenek linea kolapsatuta baitute.

 

 

Balear Uharteko Gobernuak iragarri duenez, hiru dolu egun ezarriko ditu eta Espainiako Gobernuari ingurua hondamendi-eremu izendatzea eskatuko dio. Gobernuak bilera egingo du 17:00etan bi erabakiok hartzeko.

 

 

Metro koadroko 200 litro baino gehiago

Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak Arta-Colonia de Sant Pere eta Arta herrietan dituen estazioek metro koadroko 232,8 eta 157 litro bildu zituzten atzo, hurrenez hurren. Pilatutako ur kopuru handiaren eraginez, uholdeak izan ziren Sant Llorenç herrian (hori da gehien kaltetutako udalerria). Urak bitan banatu du herria eta lokatza txoko guztietara iritsi da.

Bizilagunek eraikinen goiko solairuetan, teilatuetan edota zuhaitzetan babestu behar izan dute. Uholdeek kalte material handiak eragin dituzte. Halaber, argindar eta ur mozketak izan dira.

Bestalde, hainbat etxebizitza erabili ezinda gelditu dira eta ehunka bizilagunek ostatu ematea eskatu diete agintariei.

Horrez gain, uhartearen ekialdeko zenbait errepide itxi dituzte.

Espainiako Gobernuak 80 militar eta zazpi ibilgailu bidali ditu uhartera, erreskate lanetan laguntzeko.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea Mallorcara joango da gaur kaltetutako eremuak bertatik bertara ikustera. Pablo Casado PPko buruzagia ere Mallorcara joatekoa da.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia Eguraldia argazkiak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Hondamendi naturalak albisteak Eguneko albisteak Uholdeak Ekaitzak gaur Balearrak azken ordukoa Hondamendi naturalen biktimak