Gizartea -
Akordioa
Donostiak hiru haurreskola berri izango ditu 2019 eta 2021 urteen artean
Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak hiru haurreskola berri eraikitzea adostu dute. 670 plazara iritsiko da eskaintza hirian.
Agentziak | Erredakzioa
Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak datozen hiru urteetan hirian hiru haurreskola berri eraikitzea adostu dute Altza, Loiolako Erribera eta Grosen. Era honetan, plan hau amaitzean, 2021ean, Donostian eskainiko den plaza kopurua 670era iritsiko da, egungoak baino 70 plaza gehiago. Erakunde biek hartu dituzten konpromisoak 0-2 urte bitarteko hezkuntza-etapari dagozkio, baina Haur Hezkuntzako bigarren etapari eta Lehen Hezkuntzari dagokion berririk ere bada, Urgull mendiaren magalean kokaturik dagoen Orixe Ikastolan hobekuntza-lanak egingo baitituzte.
Egun Donostiak dituen 13 haurreskoletan 600 plaza inguru eskaintzen dira 0-2 urteko umeentzat. Hitzarmenak hainbat ekintza aurreikusten ditu, hala nola, egungo instalazioak hobetzea, hiriko ikastetxeetan haurreskola berriak irekitzea, edo espazio berrietan haurreskolak sortzea.
Datorren urtean haurreskola berri bat zabalduko dute Altzako Jolastokietan, Harri Berrik eta Errotetak orain arte eskainitako zerbitzua zentro bakarrean batzeko.
Bestalde, 2020an beste haurreskola bat zabalduko dute Loiolako Erriberan, auzo horrek egun ez baitu haurresolarik; eta 2021ean Zemoriako Grosen zabalduko dute beste bat.
Halaber, baliteke Intxaurrondo Hegoaldean, Aieten eta Txominenean beste hiru zentro zabaltzea, horietako eskaria aztertzen baitago Udala.