Gizartea -
Bai Euskarari 2011
Hirukide eta Refractarios Kelsen, Bai Euskarari sarien irabazleak
Tolosako Hirukide ikastetxeak eta Adunako Refractarios Kelsen enpresak Bai Euskarari sariak jaso dituzte. Era berean, Xabier Mendiguren Kontseiluako idazkari nagusi ohiaren ibilbidea saritu dute.
Erredakzioa
Tolosako Hirukide ikastetxeak eta Adunako Refractarios Kelsen enpresak Bai Euskarari 2011 sariak jaso dituzte gaur, euskararen alde egindako lanagatik.
Donostiako Victoria Eugenia antzokian egindako ekitaldian, golardoak entregatu dituzte. Xabier Mendiguren Kontseiluako idazkari nagusi ohiaren ibilbidea saritu dute ekitaldian, Ziurtagiriaren Elkarteak komunikatu baten bidez jakitera eman duenez.
"Azken urteetan euskararen alde egindako apustuengatik" Hirukide ikastetxea saritu dute, "hizkuntza egitasmo arrakastatsua" diseinatu eta garatu duelako.
Errotuluak eta agiriak euskaratzeko "egindako esfortzuagatik" jaso du Refractarios Kelsenek saria. Era berean, hornitzaileekin euskaraz komunikatzeko saiakera egin du enpresa horrek.
Euskarari egindako ekarpenagatik eta normalizazioaren alde egindako lanagatik jaso du saria Xabier Mendigurenek, Bai Euskarari proiektua barne.