Gizartea -
Erandio
Bikote bat atxilotu dute alabari urtetan tratu txarrak emateagatik
Ertzaintzaren arabera, adingabeak gurasoen kolpeak eta irainak jasaten zituen, eta ez zuen beharrezko zaintza jasotzen.
Erredakzioa
Ertzaintzak 17 urteko neskato baten gurasoak atxilotu ditu Erandion alabari urtetan tratu txarrak ematea leporatuta, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez.
Aipatu iturrien arabera, adingabeak gurasoen kolpeak eta irainak jasan ditu denbora luzean eta ez zuen beharrezko zaintza jasotzen.
Ertzaintzak iragan urtarrilaren 27an jaso zuen Erandioko zerbitzu sozialen abisua. Guraso batzuek 17 urteko alabari etengabe tratu txarrak ematen zizkiotela salatu zuten.
Biktimaren salaketaren eta ikerketaren arabera, azkeneko tratu txar kasua pasa den asteburuan gertatu zen. Dirudienez, aitak gerriko batekin jo zion alabari eta ubelduak eragin zizkion bizkarrean, besoetan eta gorputzeko beste hainbat lekutan. Salaketaren arabera, gertakari horiek ohikoak ziren azken urteetan. Amak, berriz, iletik tira egiten omen zion neskatoari eta sakelako telefonotik irainak egiten omen zizkion.
Biktima osasun egoera txarrean dago eta desoreka psikologikoak pairatzen ari da tratu txarren ondorioz.
Ertzaintzak tratu txarrak leporatzen dizkie 34 urteko gurasoei eta kasua auzitegian dago jada.
Adingabeak gizarte-laguntzaile bat izan du alboan izapideak egin dituzten bitartean eta orain harrera zentro batera eraman dute.