Gizartea -
Zirkulazioa
Gizonezko bat hil da auto-istripuz A-8an, Trapagaranen
Ezbeharra goizaldeko lauak aldera gertatu da. Biktima turismoaren gidari eta bidaiari bakarra zen.
Erredakzioa
Gizonezko bat hil da gaur goizaldeko lauetan A-8 autopistan izandako auto-istripu batean, Trapagaranen (Bizkaia), Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez. Biktima turismoaren gidari eta bidaiari bakarra zen. Dirudienez, autoa irauli egin da Sestaoko irteeran, Donostiako noranzkoan.
Hildakoa 50 urte inguruko gizonezkoa zen, autoan harrapatuta geratu da eta suhiltzaileen lana beharrezkoa izan da. Dena dela, ezin izan dute ezer egin haren osasun egoera suspertzeko eta mediku-zerbitzuek heriotza baieztatu besterik ez dute egin.
Izapide guztiak amaituta, gorpua Bilboko Mediko-Auzitegira eraman dute autopsia egiteko.