Gizartea -

Inkestak eta azterketak

Behatoki batek jokoaren errealitatea ikertuko du Euskadin

Horretarako, aldian-aldian jokoaren inguruko inkestak eta azterketa ekonomiko eta sozialak egingo ditu.

Imagen de archivo: EiTB
Imagen de archivo: EiTB
Imagen de archivo: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jokoaren Behatokia sortzeko dekretua onartu du gaur Eusko Jaurlaritzak. Jokoaren errealitatearen inguruko informazio, azterketa eta ikerketa zerbitzua izango da.

Gobernu Kontseilua bildu ondoren, Josu Erkoreka bozeramaileak azaldu duenez, organo berriaren lanari esker jokoaren inguruko ezagutza sistematikoa eta eguneratua izango dute, eskaintza zein eskari sozialari dagokionean.

Horretarako, aldian-aldian jokoaren inguruko inkestak eta azterketa ekonomiko eta sozialak egingo ditu.

Ikerketekin goraka ari diren fenomenoak antzeman, politika publikoek sektoreko enpresatan eta gizartean duten eragina aztertu, ekimen gomendagarriak eta jardunbide egokiak antzeman eta zabaldu; eta ikerketa, azterketa eta hezkuntza ildoak bultzatuko dituzte.

Guztia Adikzio eta Gazteria behatokiekin lankidetzan aurrera eramango dute.

Orain arte azterketa lana aldian-aldian egin dute jokoaren inguruko memoria eta liburu zurien bidez. Behatokiaren sorrerarekin egiten den lana normalizatzea nahi dute, metodologia sistematizatuz.

Joko eta Ikuskizun zuzendarien presidentetzapean, joko politika publiko, adikzio, gazteria, estatistika eta azterketa soziologiko, zuzenbide eta araudi ebaluazio eta merkatuen analisirako adituek osatuko dute.

Gai zehatzak prestatzeko lantaldeak sortzeko aukera ez dute baztertu. Era berean, sektoreko pertsona adituak edo beste erakunde eta elkarte batzuetako ordezkariak bileretara gonbidatzea aurreikusi dute.

Seihileko eta urteko txostenak Jokoaren Euskal Kontseiluaren eta Joko Aholkularitza Batzorde Teknikoaren esku jarriko ditu Behatokiak. Gainera, aldizkari dokumentalak argitaratzea aurreikusi dute, jardueren berri emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak