Gizartea -
Turismoa
Oinezkoentzako pasealeku bat eraikiko dute Gaztelugatxen
Udan honetan 309.233 bisitari izan dira Gaztelugatxen. 4.000 pertsonako gehienezko muga 17 egunetan gainditu da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri du datorren urteko Aste Santua baino lehen oinezkoentzako pasealekua eraikiko duela Gaztelugatxen, Bakiotik Matxitxako farora bitartean.
Halaber, sakelako telefonoetarako audio-gidak sortuko dituzte eta informazio-guneak eta sarrerak baliozkotzeko sistema automatikoak ezarriko dituzte.
Hala jakinarazi du Elena Unzueta Bizkaiko Diputazioaren bozeramaileak, uda honetan Gaztelugatxen izan diren turista kopuruari buruzko datuak emateko egin duen agerraldian.
Ekainaren 15etik irailaren 30era bitartean, 309.233 lagun izan dira Gaztelugatxen, iaz epe berean baino % 2,94 gehiago.
Gaztelugatxe bezalako gune babestuetan gehienez 4.000 pertsona egon daitezke eguneko. Bada, muga hori 17 egunetan gainditu da udan honetan. Abuztuaren 15a izan zen egunik jendetsuena: 6.159 bisitari izan ziren.
Jende gehien abuztuan (133.100 bisitari) eta uztailean (80.909) bildu zen. Iazko abuztuko datuekin alderatuta, aurten bisitari gutxiago izan da hil horretan, % 7,07 gutxiago, hain zuzen ere.