Gizartea -
Ostiraletik igandera
Arzabalzako zubia konpontzeko N-1 errepidea itxiko dute Tolosan, Irungo noranzkoan
Lanak ostiraleko 20:30ean hasi eta igandeko 23:00ak arte luzatuko dira.
Agentziak | Erredakzioa
Arzabalzako zubia (Tolosa) konpontzeko lanak asteburu honetan egingo ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Ondorioz, N-I errepidea itxi beharko dute Irungo noranzkoan.
Aldundiak agiri batean azaldu duenez, lanak ostiraleko 20:30ean hasi eta igandeko 23:00ak arte luzatuko dira.
Denbora tarte horretan errepidea itxita egongo da Irungo noranzkoan, 431,300 kilometrotik 433,670 kilometrora. Erdibitzaileetako pasabideak zabalduko dira, ibilgailuek Gasteizko noranzkotik bi norabideetan zirkulatzeko aukera izan dezaten.
Era berean, Alegiako eta Tolosa hegoaldeko loturei eragingo diote lanek. Alegiatik N-Iera sartzeko, Irungo noranzkoan, GI-2131 errepidetik egin beharko da Ikaztegietaraino helduz.
Bestalde, Tolosa hegoaldeko loturaren sarrera zein irteera itxita egongo dira Irungo noranzkoan. Ondorioz, N-Iera sartzeko, Ikaztegietaraino Gasteizko noranzkoan joan beharko da, eta bertan noranzko-aldaketa egin, edo bestela Benta Haundiko errepidetik Tolosa erdialdeko loturaraino joan.
Igandeko 23:00ak aldera errepidea berriz zabalduko dute Irungo noranzkoan.