Gizartea -
Espainian jaiotako umeak dituzten atzerritarrei baimena emango diete
Espainiar herritartasuna duten adingabeen guraso atzerritarrei egoitza-baimena emango die Espainiako Gobernuak, familia errotuta dagoela argudiatuta.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuak herrialdean bizitzeko baimena emango die espainiar herritartasuna duten seme-alaba adingabeen guraso etorkinei, familia errotuta dagoela argudiatuta, "baimena eskatu duen aita-amak haurraren zaintza bere gain badu", gaur ezagutzera eman den Atzerritar Legea garatzen duen Araudiaren zirriborroak dioenez.
Gainera, Espainian etengabe bi urte baino gehiago daramatzaten atzerritarrek ere baimena eskatu ahalko dute "lan merkatuan nahiz gizartean errotuta" daudela argudiatuta, Espainian eta jatorrizko estatuan aurrekari polizialik ez dutela eta sei hilabete baino gehiagorako lan kontratua dutela frogatzen badute. Gizartean errotuta daudela argudiatzen badute, gizarteratuta daudela bermatzen duen txostena ere aurkeztu beharko dute atzerritarrek. Autonomia erkidegoetako gobernuek egingo dituzte idatzi horiek.
Tratu txarrak jasan dituzten atzerritarrak
Indarkeria sexistaren biktima atzerritarrek egoitza-baimena eta bost urterako lan-baimena lortu ahal izango dituzte. Horretarako, salaketa jarri beharko dute eta epaileek tratu txarren egilea kondenatu beharko dute.
Gainera, tratu txarrak jasan dituzten pertsonen seme-alaba adingabeei Espainian bizitzeko aldi baterako egoitza-baimena emango diete. 16 urte baino gehiago badituzte, lan egiteko baimena ere eskuratuko dute.
Atzerritarren Legea garatzen duen araudiaren zirriborroa "hemendik bi hilabetera" egongo da prest, gutxi gorabehera, giza agenteen ekarpenak eta Estatuko Kontseiluaren txostena gehitutakoan.