Gizartea -

Ictusaren aurkako borroka

EAEko ikertzaileek iktusari aurre hartzeko biomarkatzaileak identifikatu dituzte

2008tik ari dira lanean Euskadin urtero 6.000 kasu berri izaten dituen eta 600 heriotza eragiten dituen gaixotasunari aurrea hartzeko.

Iktusaren Mundu Eguna. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Iktusaren Mundu Eguna. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Iktusaren Mundu Eguna. ETBko bideo batetik ateratako argazkia

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketa Institutuko profesionalek, UPV/EHUko Neurogenomiks taldearen laguntzaz, pertsona batek gaixotasun zerebrobaskular (IKTUS) bat izango duen aurreikusteko biomarkatzaileak identifikatu dituzte.

Jada iktus bat izan duten edo iktus bat izateko arrisku handia duten pazienteak aztertuz, Biocruces Bizkaia Institutuko eta UPV/EHUko ikertzaileek identifikatu ahal izan duten gene-taldearen presentziak iktus bat izateko probabilitate handiagoa adierazten du. Arterietan pilatzen joaten diren kolesterol-plakak ezegonkorragoak, hau da, hauskorragoak izatea eragiten dute gene horiek. Plaka hausten denean, zatiak zerebroko odol-hodietara iristen dira eta buxatu egiten dituzte, eta horregatik sortzen da gaixotasuna.

Gaur egun gene horiek odol-analisi baten bidez identifikatzeko ari dira lanean ikertzaileak, era horretara sintomarik izan gabe ere iktus bat izateko probabilitate handiagoa nork duen aurreratu ahal izateko. Praktika klinikoan analitika hori erabiltzea mugarri bat izango litzateke patologia horri aurre egiteko bidean; izan ere, kontrol handiagoa eta prebentzio-lan askoz ere eraginkorragoa egitea ahalbidetuko luke.

2008tik ari dira gaixotasun honi aurre hartzeko lanean; urtero 6.000 kasu berri izaten dira eta 600 heriotza inguru eragiten ditu iktusak Euskadin (2017an, 643). Bestalde, iktusa munduan heriotza eragiten duen bigarren kausa da, eta urtean 17 milioi kasu berri izaten dira.

Gaixotasuna eragiten duten prozesuak oso konplexuak dira, eta horrek asko zailtzen du benetako diagnostiko-balioa duten biomarkatzaileak aurkitzea.  Era berean, orain arte ez da lortu iktus bat garatzeko arriskua baloratzen lagunduko duen testik. Horregatik da hain garrantzitsua abian den ikerketa, eta bere emaitzak BIOEFeko (Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Euskal Fundazioa) Ikerketaren Emaitzak Transferitzeko Bulegoaren eta UPV/EHUren laguntzaz patentatu dira.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza EHU Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak