Gizartea -

IRAGARPENA

Eguraldi aldakor eta nahasia, azaroa hasteko

Tenperatura maximoak nahikoa egonkor mantenduko dira datozen egunetan: 12 eta 15 gradu artean.

Donostia. Argazkia: Jon Hernandez
Donostia
Donostia. Argazkia: Jon Hernandez

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Negu giroko egunen ostean, gaur hegoaldeko haizeak bazterrak berotuko ditu eta tenperatura maximoak nabarmen igoko dira, batez ere, isurialde atlantikoan. Halaber, atertzera egingo du, eta euria eta elurra guretik aldenduko dira.

Gaur, asteartea, haizeak hegoaldera egingo du, eta hobekuntza nabarmena espero da. Goizean, hodeitza sareatuago egongo da, eta tenperatura zertxobait igoko da. Arratsaldean, hodeiguneak ugariagoak izango dira, eta baliteke zaparrada isolatu batzuk botatzea, batez ere barnealdean. Kostaldean, argiuneak ugariagoak izango dira, eta tenperatura maximoak 15 ºC-ren bueltan geldituko dira. Gainerako lekuetan ere, tenperaturaren gorakada nabarituko da, baina maximoak ez dira 10-13 ºC-tik igoko.

Asteazkenean, euritara egingo du, batez ere eguerditik aurrera. Goizean, tarteka egingo du euria, eta bereziki ekialdean bustiko du. Eguerditik aurrera, denera zabalduko da euria, eta etengabe egingo du une askotan; egunaren amaierarako pilatutako litro kopurua esanguratsua izango da, batez ere ekialdean. Tenperaturak behera egingo du, eta eguneko maximoek ez dute 10-12 ºC-ko muga gaindituko; alabaina, egunsentia ez da hain hotza izango, eta ez da izotzik espero. Haizea ahul eta aldakor ibiliko da, eta haizea hegotik finkatuz joango da egunaren amaierarako.

Azaroa giro aldakor eta nahasi samarrarekin hasiko dugu. Ostegun goizaldean oraindik euri pixka bat egingo badu ere, orduek aurrera egin ahala, atertu eta hodeitza saretu egingo da; eguerdi partean, giro lasaia nagusituko da. Alabaina, arratsaldean fronte berri bat iritsiko da, eta euritara joko du eguna amaitzerako. Haizea mendebal edo hego-mendebaldetik ibiliko da, eta iluntzetik aurrera zakartu egingo da frontearekin. Tenperatura maximoak 12 eta 15 ºC artean geldituko dira.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia argazkiak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Albisteak