Gizartea -

Delituen balantzea

Herritarrek 88.000 delitu jasan zituzten iaz, 2009an baino %5 gutxiago

Falta eta delitu kopuruak apur bat gora egin zuen Araban eta Gasteizen. Datuen arabera, lapurreta da gehien egin den delitua. 2010ean hilketa saiakera gehiago izan ziren.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

88.278 delitu eta falta jasan zituzten euskaldunek 2010. urtean, Ertzaintzaren datuen arabera eta Rodolfo Ares Herrizaingo Saileko sailburuak gaur, asteazkena, jakitera eman duenez.

Delituen bilakaeraren arabera, % 5 jaitsi da delitu kopurua, azken sei urteeko igoerari amaiera emanda. Salbuespen bakarra Araba eta Gasteiz izan dira: bertan delituek gora egin zuten (127 eta 218 delitu gehiago, hurrenez hurren).

Delituen beherakadak atxilotutako lagunen beherakada ere ekarri du: 2010ean 8.926 pertsona egin zituzten preso eta 2009an 9.765. Horrela, delinkuentzia tasa 41 kasu 1.000 biztanlekoa da, 2009. urtean baino bi puntu eta erdi gutxiago.

Hilketa saiakera gehiago

Eusko Legebiltzarrean Aresek egindako agerraldian, sexu askatasunaren aurkako delituek ere beheranzko joera hartu dutela azaldu du (% 8), eta gauza bera kalteak eragiten dituzten delituekin (% 11 gutxiago) eta ondasunen kontrako delituak (% 8 gutxiago).

Hilketei dagokionez, aurreko urtean baino saiakera gehiago egon ziren (guztira, 49) 2010ean. Hala ere, hildako lagunen kopurua jaitsi dela nabarmendu du sailburuak. Hilketa hauek familiei naiz indarkeria sexistei dagokie.

Taldeko segurtasunaren aurkako delituek, nahita eragindako suteak eta zirkulazio delituak, kopuru berdinari eutsi diote. Ordena publikoaren aurkako delituek % 12 egin zuten behera. Lapurretak eta iruzurrak delitu ohikoenak izan ziren, guztira, 32.707 kasu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea