Gizartea -
Azaroak 1
Hilerrien ordutegiak Domu Santu Egunean
Milaka pertsona joango dira gaur hilerrietara, Santu Guztien Eguna dela eta.
ERREDAKZIOA
Gaurkoan, azaroak 1, milaka pertsona joango dira bisitan hilerrietara Domu Santu Eguna dela eta. Horregatik, hiriburuetan bereziki, zerbitzu bereziak prestatu dituzte udalek bisitari guztien erosotasuna bermatzeko.
Bilbao Zerbitzuak erakundeak hiriburu bizkaitarreko hilerrien ordutegiak hedatu ditu. Hori horrela, Bilboko Hilerria 08:00etatik 19:00etara bisitatu ahal izango da. Deustukoa, berriz, 08:00etatik 18:etara. Garraio publikoan joatea gomendatu du Udalak.
Gainera, berritasun gisa, bi kontzertu liriko eskainiko dituzte Bilboko Hilerriko kaperaren klaustroan. Besteak beste, Mozarten eta Verdiren lanak entzungo ahal izango dira. 13:00etan eta 18:00etan izango dira emanaldiak.
Donostian, Dbusek zerbitzu bereziak eskainiko ditu Antiguo, Amara, Loiola eta hiri Erdigunetik hilerrira joateko. Polloetik bertatik, itzultzeko zerbitzu bereziak ere prestatu dituzte, eta maiztasuna 20 eta 30 minutu artekoa izango da.
Polloeko eta Altzako hilerriak 09:00etatik 20:00etara izango dira zabalik, eta Igeldokoa uneoro bisitatu ahalko da.
Gasteizen, bisita ordutegia 09:00etatik 20:00etara izango da.
Iruñean, azkenik, 08:00etatik 19:00etara bisitatu ahalko da San Joseko hilerria.