Gizartea -
NAFARROA
Sei pertsona intoxikatu dira Zuñigan, karbono monoxidoa arnastuta
Teknikariek egiaztatu dutenez, gasolio galdara batek matxura izan du. Etxea aireztatu dute, arazoa desagertu den arte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroan, sei pertsona artatu behar izan dituzte Zuñigan, karbono monoxidoa arnasteagatik. Antza denez, gasolio galdara batek eragin du gas ihesa.
Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, Bajera kaleko 16. zenbakiko etxebizitza bateko bizilagunek 112 larrialdietarako zerbitzura deitu zuten 10:33 aldera, erdi-inkontziente zegoen pertsona batentzat laguntza eskatzeko.
Berehala, Antzin udalerriko guardiako medikua eta anbulantzia bertaratu ziren, eta helikoptero medikalizatu bat jakinaren gainean jarri zuten, badaezpada.
Osasun langileek egiaztatu zutenez, aipatu pertsona zegoen logelan karbono dioxido kontzentrazio altua zegoen. Hori dela eta, intoxikatutako pertsona Lizarrako Garcia Orcoyen Ospitalera eraman zuten.
Karbono monoxidoaren ihesa gasolio galdara batetik zetorrela egiaztatu zuten suhiltzaileek. Ondorioz, gela aireztatu zuten, karbono monoxidoaren mailak behera egin zuen arte.
Bestalde, beste bi emakume anbulantzian eraman zituzten Lizarrako ospitalera, intoxikazio zantzu arinekin, eta beren kabuz larrialdietara joan ziren beste hiru pertsona ere artatu zituzten.