Gizartea -
Protesta
Lagun bat atxilotu dute Bilbon, MTV sarien aurkako protestan
Ostegunean atxilotu zuten emakumea, ustez ertzain bati eraso egiteagatik, Piztu Bilbo Itzali MTV plataformak deitutako mobilizazioan. Beste bi lagun identifikatu zituzten protesta horretan.
AGENTZIA | ERREDAKZIOA
Emakume bat atxilotu dute bart Bilbon, MTV sarien aurkako protestan, Ertzaintzak jakitera eman duenez.
Piztu Bilbo Itzali MTV plataformak antolatutako kalejiran sari horiek "euskal kulturan duten eragina eta gisa horretako ekitaldi handiek bultzatzen duten herri eredua kritikatu" nahi zituzten, antolatzaileen esanetan.
Arriaga plazara iritsi zirenean, 20:30 aldera, protestek indarra hartu zuten, eta emakume batek, ustez, ertzain bati eraso zion. Horregatik atxilotu zuten.
Hain zuzen ere, polizia-etxera eraman zuten, eta aske utzi zuten handik gutxira. Gainera, Ertzaintzak beste bi lagun identifikatu zituen.
Aipatu plataformak beste mobilizazio bat iragarri du larunbaterako. 18:00etan, Moyua Plazatik hasita, manifestazioa egingo dute.