Gizartea -

Hondarribiko adingabea

Jokini 'bullying'-a egin ziotenen gurasoak zigortu dituzte

EAEko Epaitegi Nagusiak 10.000 euroko kalte-ordaina ematea agindu die haien seme alabek egindako kalte moralagatik. Gaztetxo hondarribiarrak bere buruaz beste egin zuen jasaten zuen jazarpenagatik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jokin Zeberio bere buruaz beste egin zuen gaztetxo hondarribiarrari jazarpena egiteagatik zigortu zituzten neska-mutilen gurasoei 10.000 euroko kalte ordaina ordainaraztea agindu die Euskadiko Epaitegi Nagusiak, Euskadi Irratiak jakitera eman duenez.

Seme-alabek egindako kalte moralagatik ordaindu beharko dute gurasoek. Epaitegiaren esanetan, gurasoak dira ardurapean dituzten adin txikikoek eragindako kalteen erantzuleak.

Zortzi gazte epaitu zituzten auzi horretan eta horietako zazpiren gurasoei ezarri die EAEko epaitegiak 10.000 euroko kalte-ordaina. Zortzigarren auziperatua falta delituagatik zigortu zuen Gipuzkoako Epaitegiak eta zigorra arinagoa dela argudiatuta, bere senideek ez dute dirurik ordaindu beharko.

Hezkuntza Sailak auzi horretan izan zuen arduraren inguruan, epaitegiak dio frogatuta geratu dela Jokin Zeberiok jazarpena jasan zuela baina Talaia Institutuak eta Hezkuntza Sailak behar bezala jokatu zutela. Epaitegiaren esanetan, Hezkuntza Sailaren jokaeraren eta Jokin Zeberioren heriotzaren artean ezin da inolako loturarik egin.

Ebazpenean agertzen denez, Jokinen "arazoak" ez ziren eskolan "soilik" gertatzen, "kanpoan ere bai". Gainera, gertakari horiek pasa eta lau egunera Ikasketa buruak "erantzun logikoa" eman ziola ebatzi dute. Hori horrela, ez du loturarik ikusten institutuaren ekintzen eta "amaiera tragikoaren" artean.

Eskolan egiten den "edozein kalte" ez dela "administrazioaren ardura" ere argitu du Epaitegiak.

Ebazpenaren kontra helegitea jartzeko aukera dago oraindik, baina kasu honetan Auzitegi Gorenera jo beharko lukete.

Jokin Zeberiok bere buruaz beste egin zuen 2004.ean, Gipuzkoako Epaitegiak frogatutzat eman zuen bere ikaskideek eragindako jazarpen eta bullying-ak eragin zuela heriotza. Zortzi gazte auziperatu zituzten, horietako zazpiri erregimen irekiko kartzelaldia ezarri zieten adin txikiko zentro batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea