Gizartea -
MADRIL
Tren zirkulazioa berrezarri dute Atocha geltokian, alarma faltsu baten ostean
Halaber, Bartzelonako Sants geltokian bi tren jendez hustu dituzte goizeko zortzietan, trenbidean maleta susmagarri bat antzeman ostean.
AGENTZIAK
Espainiako Poliziak Madrilgo Atocha geltokia jendez hustu du goizeko hamarrak baino minutu batzuk lehenago. Bi ordu lehenago, goizeko zortziak aldera, Bartzelonako Sants geltokian bi tren jendez hustu dituzte, trenbidean maleta susmagarri bat antzeman ostean. Bi kasuetan, alarma faltsuak izan dira.
Madrilen, trenen zirkulazioa eten dute goizeko hamarrak aldera, Poliziaren aginduz. Horrez gain, geltokia ere jendez hustu dute.
Hala ere, egin beharreko egiaztapenak egin ostean, alarma faltsu bat dela adierazi du Espainiako Poliziak eta operazioa desegin du.
Renfek, bere aldetik, 10:30ak aldera jakinarazi du zirkulazioa berrezarri dela Atochako geltokian eta apurka-apurka egoera normaltasunera itzultzen hasi dela.
Gerriko baten granada itxurako belarria izan da guztiaren eragilea
Espainiako Poliziak baieztatu duenez, Atochako eta Santseko ebakuazioen eragilea gerriko bat izan da. Zehatz-mehatz esanda, granada itxurako belarria duen gerrikoa.
Argazkia: Esquadra Mossoak
Bartzelonako Sants geltokian trenera igo eta Madrilgo Atochara zihoan emakume baten maletak piztu du susmoa. Atochara iritsi aurretik, Poliziak trena geldiarazi du eta maletaren barruan zegoena ez zela arriskutsua egiaztatu du.