Gizartea -

Nafarroa

66 urteko gizon bat hil da Etxaurin, haitzetatik erorita

Zerbitzuz kanpo zegoen suhiltzaile batek Etxauriko bizilagunaren gorpua aurkitu du. Gizona suspertzen ahalegindu da, baina medikuek mendizalea hilda zegoela baieztatu besterik ezin izan dute egin.

Etxauri (Nafarroa). Artxiboko argazkia: Carlos Aketa Goñi
Etxauri (Nafarroa). Artxiboko argazkia: Carlos Aketa Goñi
Etxauri (Nafarroa). Artxiboko argazkia: Carlos Aketa Goñi

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxauriko 66 urteko bizilagun bat hil da astearte honetan, Peña Royan erorita. Eskalatzaile askok ezagutzen duten inguruan izan da ezbeharra, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.

17:00ak aldera, hildako gizonaren seme batek SOS Nafarroa zerbitzura deitu du, laguntza eske. Goizero bezala, bere aita paseatzera atera dela esan die koordinazio-zentro horretako langileei. Etxera 14:00etan iristekoa zela esan die hildakoak senideei mendira joan aurretik, baina ez da haiekin harremanetan jarri egun osoan.

Orduan, Cordovillako suhiltzaileak eta foruzainak desagertutako gizonaren bila irten dira, haren senideekin batera eta helikoptero baten laguntzarekin.

17:45 aldera, zerbitzuz kanpo zegoen suhiltzaile batek Etxauriko bizilagunaren gorpua aurkitu du. Hala, inguruan zegoen helikopteroari keinuak egin dizkio, desagertutako gizona haitzen azpian zegoela jakin zezan.

Suhiltzailea harengana hurbildu da eta gizona suspertzen ahalegindu da, anbulantzia iritsi arte, baina medikuek mendizalea hilda zegoela baieztatu besterik ezin izan dute egin.

Foruzaingoak ikerketa abiatu du, gertatutakoaren nondik norakoak argitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa gaur Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa