Gizartea -

Diabetesaren Munduko Eguna

Diabetesaren Munduko Eguna gaixotasunaren hedapenari erantzuna emateko egiten da

CIBERDEMek egindako ikerketa baten arabera, Estatuko biztanleen % 8,5ek diabetesa dute, baina diagnostikatu gabe daudenak ia % 6 dira.

Glukosa-proba, farmazian. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Glukosa-proba, farmazian. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Glukosa-proba, farmazian. ETBren bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diabetesaren Munduko Eguna azaroaren 14an egiten da 1991tik, diabetesari buruz kontzientziatzeko. Munduan diabetes kasuek gorakada larria izan zuela ikusita sortu zuten.

1921ean Frederick Bantingek eta Charles Bestek intsulina sortzeko ideia izan zuten egunean egiten da Diabetesaren Munduko Eguna, Diabetesari aurre egiteko Fundazioaren esanetan.

Estatuko biztanleen % 8,5ek diabetesa dute, CIBERDEMek egindako ikerketa baten arabera. Hala ere, diabetes kasuen % 6 oraindik ez dituzte antzeman. Diagnostikoa berandu eginez gero, zailtasunak egoteko aukera % 50ekoa da.

Horrez gain, % 10ek ‘prediabetesa’ pairatzen du, gaixotasunaren aurreko egoera. Prediabetesa duen pertsona batek 2. motako diabetesa izateko aukera gehiago ditu, American College of Cardiology gobernuz kanpoko erakundearen arabera.

Prebentzioa

Diabetesaren Munduko Eguna dela eta, Arabako 15 farmaziak glukosa-probak doan egingo dituzte gaur, Arabako Farmazeutikoen Eskola Ofizialak Arabako Diabetes Elkartearekin batera antolatutako ekimenari esker.

Glukosa maila zehazteko probak egiteaz gain, 2. motako diabetesa izateko arriskua kalkulatzeko balio duen galdeketa egingo dute.

Ohitura osasuntsuak

2. motako diabetes kasuen % 80 bizitza-ohitura osasungarrien bidez ekidin daitezkeela adierazi du Espainiako Diabetes Federazioak.

Anna Novials Espainiako Diabetes Elkartearen buruaren esanetan, gaixotasun-tasak gora egiten jarraituko du, gizarteak bizitza-ohitura osasungarriak hartu ezean. Hori dela eta, prebentziorako programa gehiago egin behar direla eta etxeetan zein eskoletan gaixotasun horri buruzko informazioa eman behar dela azpimarratu du.

Gastu publikoa

Espainiako Diabetes Federazioaren presidenteak ere hezkuntzaren garrantzia nabarmendu zuen irailaren 8an egindako bigarren kongresu estatalean. Gainera, diabetesaren ikerketan egiten diren inbertsioak handitzea eskatu zuen.

Gaixotasunak denbora luzez eragin dezakeen gastuarekin konparatuz gero, horri buruzko informazioa ematea garestia ez dela esan du Anna Novialsek. “Administrazioak gastutzat hartzen du, geuk, aldiz, inbertsiotzat”, azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak