Gizartea -
Iragan ostiralean
Donostiako banku bat lapurtu zuen gizona kartzelara bidali du epaileak
Kaputxadun gizonezko bat bulegoetara sartu zen ostiralean, eskuan pistola bat zeramala. Bankuko langileei dirua emateko eskatu zien. Guztira 1.500 euro eraman zituen lapurrak.
Erredakzioa
Iragan ostiralean, Donostiako Gros auzoko banketxe batean, armak erabiliz, 1.500 euro lapurtu zituen 38 urteko gizonezkoa kartzelara bidali du epaileak.
Herrizaingo Sailak ohar batean jakinarazi duenez, lapurreta iragan ostiralean, arratsaldeko 14:15etan, gertatu zen, Gros auzoko banketxe batean.
Antza, kaputxadun gizonezko bat bulegoetara sartu zen ordu horretan, eskuan pistola bat zeramala. Bankuko langileei dirua emateko eskatu zien. Guztira 1.500 euro eraman zituen lapurrak.
Ondoren, ibilgailu batean ihes egin zuen. Lapurra aurkitzeko lanari ekin zion Ertzaintzak berehala.
Lapurreta egiteko erabilitako autoa Martutene auzoan aurkitu zuen Ertzaintzak. Ordu gutxi batzu beranduago gizonezkoa atxilotzea lortu zuten.