Gizartea -
TREN ISTRIPUA
Pertsona bat hil eta 44 zauritu dira Bartzelonan, tren bat bidetik aterata
Manresa eta Sant-Vicenç de Calders udalerrien arteko bidea egiten ari zen. Ezbeharra Vacarisses parean gertatu da eta, antza denez, luizi batek eragin du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Katalunian, gutxienez pertsona bat hil eta 44 arin zauritu dira Vacarisses udalerrian (Bartzelona), Manresa eta Sant-Vicenç de Calders udalerrien arteko bidea egiten ari zen tren bat bidetik aterata. Guztira, 131 pertsona zihoazen trenean eta horietako 86 onik daude, Babes Zibilak Twitter bidez zabaldu duen azken balantzearen arabera.
Arin zauritu direnen artean, 11 bidaiari inguruko ospitaleetara eraman dituzte: hiru zauritu arin eta larritasun txikiagoa duen bat Terrasako Mutuara, hiru zauritu arin Sant Felix udalerriko larrialdietarako zentrora, bi zauritu arin Sabadellgo Parc Tauli ospitalera, zauritu arin bat Manresako larrialdietarako zerbitzura eta larritasun txikiagoko beste bat Althaia Fundazioaren zentrora.
Onik erreskatatu dituzten 86 bidaiariak, ostera, Terrassako geltokira eraman dituzte.
Sei bagoiko trena 06:15ean atera da bere bidetik, luizi baten ondorioz, Rodalies Catalunyak Twitter sarean duen kontuaren bitartez jakinarazi duenez. Zehazki, azken bi bagoiak atera dira bidetik.
Generalitateko suhiltzaileak, larrialdietarako zerbitzuetako osasun langileak eta Esquadra Mossoak istripua izan den tokira joan dira, eta suhiltzaileek trena jendez hustu dute.
Ezbeharra izan ondoren, Ferrocat alerta aktibatu dute, hots, bidaiarien garraioari dagokiona.
Renfek bi informazio gune jarri ditu biktimen senideei arreta emateko: bata, Bartzelonako Sants geltokian, eta bestea, Vacarrisses udalerriko kiroldegian. Halaber, Babes Zibilak eta Renfek bi telefono zenbaki jarri dituzte bidaiarien senideen eskura: 900 41 00 41 (Kataluniako Aldiriko Garraio Zerbitzua) eta 900 400 012 (Larrialdietarako Zerbitzua).
SEM Larrialdietarako Medikuen Sistemak hainbat psikologo bidali ditu Vacarisses udalerriko kiroldegira, behar dutenei laguntzeko.
Istripuaren eraginez, Terrasa eta Manresa arteko tren zirkulazioa eten dute eta atzerapenak izaten ari dira gainerako linea askotan. Renfek, bere aldetik, autobus zerbitzua jarri du Terrassa eta Manresa arteko bidea egiteko.
Luiziaren zergatiak ikertuko ditu Sustapen Ministerioak
Sustapen Ministerioak tren ezbeharra eragin duen luiziaren arrazoiak aztertuko ditu, Jose Luis Abalos Espainiako Sustapen ministroak iragarri duenez.
Ser irrati kateari eskainitako elkarrizketan Abalos ministroak azaldu duenez, trena bidetik atera den tokian sare-begiak jarrita daude, baina antza denez azken egunotako euriteen ondorioz, behera erori da. Dena den, ez du zehaztu luizia trena igaro aurretik edo pasatzen ari zen bitartean gertatu den.