Gizartea -
Euskararen Legea
Euskara Nafarroa osoan ofizial izatea errefusatu egin du Parlamentuak
Nafarroako Parlamentuak ezetza eman dio NaBairen proposamena izapidetzeari. NEBk alde bozkatu du, baina UPNk, PSNk eta CDNk, aldiz, aurka.
Erredakzioa
Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak errefusatu egin du euskara lurralde osoan ofizial izateko Nafarroa Baik aurkeztutako proposamena.
NEBk alde bozkatu du, baina UPNk, PSNk eta CDNk, aldiz, aurka.
Maria Luisa Mangado NaBaiko parlamentarioak gogorarazi du abenduan 25 urte beteko direla Euskararen Legea onartu zutenetik: "Urte hauetan asko aldatu da euskararen egoera soziala, euskaldun gehiago gaude, eta euskaraz normal bizi eta lan egin nahi dugu". "Ez gara bizi mendian bakarrik; Iruñean, Zangotzan, Lizarran, Tuteran eta Nafarroa osoan ere bagaude", adierazi du.
Mangadoren esanetan, legeak 25 urte beteko dituela eta, "hausnarketa" egin beharra dago. "Egoera soziala aldatu egin bada ere, egungo egoerarekin bat ez datorren lege bati eutsi nahi diote", kritikatu du.
Carlos Garcia Adanero UPNko parlamentarioak esan du euskara "inposatu" egin nahi dutela, eta horrekin batera, "gaztelania jazarri ere bai". "Nafarroatik gaztelaniaz hitz egiten dutenak botatzea dakar legeak; lege hau ez dute ezta EAEn ere", gaineratu du.
Samuel Caro PSNko bozeramailea ere aurka agertu da: "NaBaik esan du Euskararen Legeak ez dituela bete helburuak, baina guk uste dugu aise bete dituela, eta 1986tik indarrean jarraitzen duen bakarra dela da horren erakusle".
Jose Andres Burguete CDNko parlamentarioaren hitzetan, erreformak "liskarra" ekarriko luke, "normalizazioa" izan beharrean: "Euskararen legearen ondorioz orain arte ezezaguna izan den garapena izan du hizkuntzak, zentzu onean".
Bere aldetik, Ion Erro NEBko bozeramaileak esan du euskararen egoera "konpondu" egin behar dela, "oso konplexua" da eta. "Egungo legediak ez die erantzunik ematen gizartearen beharrizanei", kritikatu du.