Gizartea -
San Franciscotik gertu
Patrick Swayze artatu zuten klinikan izan da Steve Jobs
Stanford Cancer Center minbizia dutenei arreta ematen dien klinikatik ateratzen ikusi dute Appleko burua. Jobsek pankreako minbizia gainditu zuen 2004an.
Erredakzioa
Steve Jobsen osasun egoera albiste da berriro. Patrick Swayze aktorea zenari minbiziaren aurkako tratamendua eman zion klinikan izan da Appleko burua.
Jobs bajan dago, aldi baterako, eta Stanford Cancer Center minbizia dutenentzako klinikatik ateratzen ikusi dute Palo Alton, San Franciscotik gertu.
Swayze aktorea ere klinika horretan izan zen, 2009ko irailean 57 urte zituela hil aurretik.
Appleko buruak 56 urte beteko ditu datorren otsailaren 24an, eta, joan den urtarrilaren 17an, bere osasun egoera zela eta enpresako zereginak aldi baterako utziko zituela iragarri zuen. Jobsen bajak burtsak asaldatu zituen eta Applen etorkizunari buruzko zalantzak sortu zituen.
Orain, bere osasun egoerak txarrera egin du eta Steve Jobsen azken irudiek alarmak piztu dituzte; izan ere, batzuek esan dutenez, baliteke pankreako minbizia izatea. Pisu asko galdu du eta, zenbait onkologoren hitzetan, oso-oso larri dago eta baliteke sei astetan hiltzea ere.
2004an Jobsek pankreako minbizi bati aurre egin zion, eta 2009ko urte hasieran ere lanetik kanpo egon zen zenbait hilabetez.