Gizartea -

Polizia-operazioa

Euskadiko 3 prostibulotan jarduten zuen proxeneta-sarea desegin dute

Orotara hamabost lagun atxilotu dituzte Bartzelonan. Gainera, adingabe bat eta gutxitu psikiko bat prostituitzera behartzea leporatzen diete.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziak nazioarteko proxeneta-sare bat osatzen zuten hamabost lagun atxilotu ditu Bartzelonan. Besteak beste, Euskal Herriko hiru prostibulotan jarduten zuten eta adingabe bat eta gutxitu psikiko bat prostituitzera behartzea leporatzen diete.

Poliziak jakitera eman duenez, Victoria ezizeneko emakume bielorrusiar bat da buruzagia, eta Espainiako nazionalitatea zuen Espainiako proxeneta batekin gezurrezko ezkontza bat eginda.

Gaur desegindako sareak hiru prostibulo kudeatzen zituen Vilanova i a la Geltrun, bat Calellan, beste bat Granollersen, beste bat Sant Adria del Besosen (Bartzelona), beste bat Saloun (Tarragona), bi Irunen (Gipuzkoa) eta bat Gasteizen.

Horietako batean 17 urteko neskato bat prostituitzera behartu izan zutela frogatu ahal izan dute.

Era berean, 18 urteko gutxitu psikiko bat ere behartu omen zuten prostituitzera. Horren amak salaketa bat jarri zuen alabak etxetik alde egin eta bere borondatearen kontra atxikita zegoelako.

Sarearen ustezko buruaren bi alabak ere, 16 eta 12 urtekoak, prostibuloetan ibiltzen omen ziren askotan gainerako biktimekin, eta askotan bezeroei harrera egiteaz arduratzen ziren.

Hori dela eta, Poliziak Generalitataren esku utzi ditu adingabeak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea