Gizartea -
Eguraldia
Abisu horia 3 metro arteko olatuengatik
18:00ak arte egongo da indarrean. Itsasoan ez ezik, gainerakoan ere giro desatsegina izango dugu: euria eta tenperatura freskoak.
EiTB.EUS
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarri du itsasaldeko arriskuagatik, Segurtasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez.
Abisua 06:00etan jarri dute indarrean, eta hala izango da 18:00ak arte. Nabigazioari eragingo dio, lehenengo bi milietan. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da 6ko indarrarekin eta itsaso zakarra eragingo du. 2,5-3 metro arteko olatuak izango dira.
Euskalmetek egindako eguraldi iragarpenaren arabera, astelehenean giro goibel eta umela izango dugu. Hodeiak ugariak izango dira egun osoan eta euria egingo du, zaparradak ipar isurialdean ugariagoak eta mardulagoak izango direlarik. Horrekin batera, termometroek behera egingo dute eta beroenak 8-12 ºC artean geratuko dira. Haizeak ipar-mendebaldetik joko du, zakar samar, eta giro ezatseginagoa izango da. Elur-maila 1.100-1.300 m artean egongo da.
Asteartean nabarmen egingo du hobera. Goizaldean oraindik ere zerua hodeitsu egongo da eta euri pixka bat ere egin dezake, batez ere ipar-ekialdean, baina goizak aurrera egitearekin batera guztiz atertuko du, eta gainerako orduetan lehorretik jarraituko dugu. Zeruan hodeiak eta urdinguneak tartekatuko dira eta tenperaturak, hego-haizeak lagundurik, gora egingo du; maximoak 15-16 ºC artera igoko dira kostaldean, eta 11-12 ºC ingurura barnealdean.
Asteazkenean onerako bidean jarraituko du eguraldiak. Giroa, oro har, eguzkitsua izango da, tarteka goi-hodei batzuk agertuko diren arren, eta tenperatura are gehiago igoko da, 18-19 ºC artera isurialde atlantikoan, eta 13-15 ºC-ra, barnealdean. Hegoaldeko haizea indartu egingo da asteartearekin alderatuz, eta zenbait momentutan enbarazu egingo du.