Gizartea -
Kalteak ingurumenean
Pasaia: ondare natural ezagun baten hondamendirantz?
Surfrider Foundation Europe kostako ingurumena zaintzen duen elkarteak, Pasaiako kanpo portuaren proiektua bertan behera uzteko eskatu du Jaizkibelgo ingurumenean kalte handiak eragingo dituelako.
Surfrider Foundation Europe
2010eko ekainean, Jaizkibel Bizirik herri plataformak, proiektua geldiarazte eta Pasaiako badia babestea helburu duten 30 bat elkarte biltzen dituenak, Surfrider Foundationi "kostazain" izeneko programaren bitartez laguntzeko eskatu zion. Programa horren bitartez jakintza zientifikoa, mediatikoa eta, zenbait kasutan, itsasertzerai eragindako kalteak salatzeko laguntza juridikoa ere eskaintzen ditu.
Gipuzkoako Jaizkibel mendiak, Hondarribia eta Pasaia arteko itsasertzaren mugak bereizten ditu. Jaizkibel eta Ulia mendi arteko itsaslabarrak, NATURA 2000, Europar Batasuneko biodinbertsitatearen babeserako sare ekologikoaren barruan daude. Txosten ofizial batzuk, tartean Pasaiako Portuko Azpiegituren Zuzendaritza Planak, agerian uzten dute proiektuak ingurumenarentzat duen arriskua.
Pasaiako super portuaren ondorioz portuko jarduera itsasaldera kanporatuko da, hau da, Jaizkibel mendi azpira. 100 hektarea inguruko plataforma bat eraikiko dute, azalera bereko kaia izango du eta itsasoan 25-30 metroko sakonera izango duten 2.700 metro luzetako dikeak. Bertaraino heltzeko Jaizkibel mendi azpitik igaroko diren bi tunel eraikiko dituzte.
Pasaiako kanpo portuaren eraikuntzak eta ustiapenak Iparraldeko babes eremuei ere eragingo lieke. Ezin daiteke ahaztu, Hendaia eta bere inguruetan faunari eta ekonomiari dagokienez interes handiko guneak daudela, Txingudiko badia, Abadiako parkea edota Loyako badia, besteak beste.
Euskal itsasertzean bizi diren bale eta izurdeen hainbat espeziek Jaizkibel inguruko hainbat toki erabiltzen dituzte elikatzeko. Pasaiko kanpo portuak itsasontzien joan etorria handituko luke eta baita soinuaren maila ere. Itsasoan soinu iturriak areagotzeak zetazeoen komunikazioa eta orientazioa eragotzi ditzake eta zenbait kasutan heriotza ere eragin diezaieke.