Gizartea -

Eustaten datuak

Jaiotze-tasa % 1,8 jaitsi da Euskadin, hazkunde hamarkada baten ostean

Euskal Estatistika Institutuaren arabera, 2009. urtean ume gutxiago jaio ziren Euskadin. Gainera, amen batez besteko adinak ere behera jo zuen eta 32,4 urtean kokatu zen.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jaiotza kopurua % 1,8 murriztu zen Euskadin 2009. urtean, Eustat Euskal Estatistika Institutuak zabaldu berri duenez. Lurralde historikoei dagokienez, Arabak hazkunde "txikia" izan zuen (% 0,5). Bizkaiak eta Gipuzkoak, bestalde, behera jo zuten, % 3 eta % 1, hurrenez hurren.

Amen adinak ere behera egin zuen eta euskal jatorriko amen batez besteko adina 33,1 urtean kokatu zen; atzerriko jatorria dutenena, berriz, 28,7 urtean. Beraz, batez beste, 32,4 urterekin izan zituzten seme-alabak EAEko amek. 2009. urtean ama izan ziren emakumezkoen % 77k 30 urte ala gehiago zituzten.

Alabaina, Eustaten datuen arabera, 35 urte baino gehiagorekin lehenengoz ama izan ziren emakumezkoen kopuruak (% 34) gora egin zuen. Lehen umea izan zuten amen % 16 25-29 urte zituzten, eta % 7k 25 urte baino gutxiago.

Jatorriari begiratuta, amen % 15,3 atzerritar jatorrikoak izan ziren: 501, Marokokoak; 302, Boliviakoak; 294, Kolonbiakoak; 284, Errumaniakoak; 167, Ekuadorkoak; 157, Brasilgoak; 152, Txinakoak.

2009an jaiotako 100 neskatoko, 109 mutiko jaio ziren EAEn.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea