Gizartea -
Ibarrekolanda auzoan
Dozenaka arma topatu dituzte Bilboko etxebizitza batean
Besteak beste, 25 arma labur, bost luze eta 23 arma zuri atzeman dituzte. Ertzaintzak ikerketa abiatu du. Jabea, 57 urteko gizon bat, Basurtuko Ospitalean dago.
EITB.eUS
Ertzaintzak armategi bat topatu zuen igandean Bilboko Ibarrekolanda auzoko etxebizitza batean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i baieztatu dionez. Atzemandakoaren artean, 25 arma labur, bost luze, 23 arma zuri eta 13 objektu arriskutsu daude. Armen jabea, 57 urteko gizon bat, Basurtuko Ospitalean dago.
Armok kasualitatez topatu zituen Ertzaintzak. Gizonaren senitarteko batek larrialdietara deitu zuen igandean, 17:50ean, etxebizitzan istilu bat jazo zela esanez eta laguntza eskatuz. Bertaratutako agenteek gizona lasaitu zuten, eta Basurtuko Ospitalera eraman zuten ondoren. Bertan dago oraindik.
Etxebizitza armaz beteta zegoela ikusita, agenteek miaketa egin zuten, eta honakoak topatu eta atxiki zituzten: 25 arma labur (pistolak, errebolberrak...), bost arma luze, kargadoreak, 23 arma zuri (labanak, matxeteak, katanak...), arriskutsuak izan daitezkeen 13 objektu (bateak, makilak...) eta balen aurkako txaleko bat. Muniziorik ez omen zuten aurkitu.
Armak Ertzaintzaren Polizia Zientifikoaren Alorraren esku utzi zituzten, aztertzeko. Hala, ikerketa abiatu dute gizonak armak izateko baimena ote zuen, nola eskuratu zituen eta erabiltzeko prest ote zeuden zehazteko.