Gizartea -

Saria, 'ex aequo'

Rene Cassin saria, Jose Palazon ekintzaileari eta Juan Jose Aguirre misiolariari

Eusko Jaurlaritzaren esanetan, 'biek eman dute euren bizia pertsona ahulenak defendatzen'; Palazonek, Melillan eta Aguirrek, Afrikan.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak Jose Palazon eta Juan Jose Aguirre ekintzaile eta giza eskubideen defendatzaileei emango die aurtengo Rene Cassin saria. Jose Palazon Prodein haurren giza eskubideen aldeko elkarteko ekintzaile eta sortzailea da, eta Juan Jose Aguirre apezpikua da Afrika Erdiko Errepublikako Bangassou elizbarrutian eta pertsona ahulenen defendatzailea.

Rene Cassin saria urtero ematen du Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzako Idazkaritza Nagusiak, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna dela eta. Saria Iñigo Urkullu lehendakariak emango du, abenduaren 10ean, Lehendakaritzan antolatuko den ekitaldian.

Epaimahaiak bi pertsona horien lana nabarmendu nahi izan du "agerian utzi dutelako gizarteko pertsonarik ahulenen giza eskubideak nola urratzen diren". Epaimahaiaren erabakiaren arabera, Palazon eta Aguirre "funtsezkoak dira, eta bazterketaren, ulertezintasunaren, gaixotasunaren, marjinazioaren, hondamen ekonomikoaren, bakardadearen eta jazarpenaren aurrean ahulenak diren pertsonen halabeharra bere egin dute".

 

 

 

Jose Palazon Prodein haurren giza eskubideen aldeko elkarteko ekintzaile eta sortzailea da, Melillan (Espainia). Bizi osoa darama etorkinek eta errefuxiatuek Europar Batasunaren hegoaldeko mugan bizi dituzten giza eskubideen urraketa larriak ikusarazteko eta salatzeko ahaleginetan.

Halaber, Juan Jose Aguirre misiolari kolonbiarra da, eta Afrika Erdiko Errepublikako Bangassou elizbarrutiko apezpikua duela 38 urtetik. Ia lau hamarkada horietan, "munduko herrialde pobreenetako batean ahaztuta dauden pertsonen bozgorailua izan da". Erlijioen artean elkar ulertzeko batzordeak eratzea, emakumeen bizi baldintzen hobekuntzan izugarrizko lana garatzea eta bere herriari duintasunez bizitzea eragozten dioten interes ekonomikoak salatzea lortu du.

Eusko Jaurlaritzak gogorarazi duenez duenez, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 70. urteurrena ospatzen da aurten, eta, hori dela eta, euskal erakundeek "Eskerrak Giza Eskubideei" kanpainan parte hartu dute, horien sustapena, aldarrikapena eta defentsa sendotzeko. 2018an, zenbait ekintza egin dira, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) urteurren hori ospatzeko sustatutako "Defenda ditzagun zuzentasuna, justizia eta giza duintasuna" kanpainari lotuta.

Rene Cassin saria Eusko Jaurlaritzak sortu zuen, beren jarduketaren bidez gizartean giza eskubideen balioak sustatzen laguntzen duten pertsona fisiko edo juridikoen lana jendaurrean aitortzeko. Sariak Rene Cassinen izena hartu zuen. Rene Cassin 1887an Baionan jaio zen, eta Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren inspiratzaile nagusitzat jotzen dute. 1968an Bakearen Nobel Saria jaso zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Errefuxiatuak