Gizartea -
Polizia operazioa
Manikura-zentroetan vietnamdarrak esplotatzen zituen sare bat desegin dute
Besteak beste, Donostian aritzen zen sarea. Guztira, 37 pertsona atxilotu dituzte.
Agentziak | erredakzioa
Espainiako Poliziak, Europolen lankidetzarekin, 37 pertsona atxilotu ditu Estatu osoan Vietnamgo herritarrak manikura-zentroetan esplotatzea egotzita. Besteak beste, Donostian aritzen zen desegin duten sare hori.
Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritzak ohar batean jakinarazi duenez, sareak Bartzelonan zuen gune nagusi, eta Estatuan 730 vietnamdar modu irregularrean sartzea lortu zuen, gero manikura-zentroetan esplotatzeko.
Horretarako, Nazioarteko Babeserako eta Bidaiderik gabeko Adingabe Atzerritarren (MENA, gazteleraz) prozedurez baliatzen ziren. Hauxe zen sarearen jarduteko modua: migratzaileak Vietnamdik Hego Ameriketarako herrialde batera egiten zuten hegan, eta handik bueltan, Espainiako Estatuan geldialdia egiten zuten. Barajas eta el Prat aireportuetan zeudela, Nazioarteko Babesa eskatzen zuten, edo bidaiderik gabeko adingabe atzerritarrak zirela esaten zuten.
Dena dela, babesa eskatu ondoren ez zuten beste izapiderik egiten, helburua Schengen eremuan sartzea baitzen. Hala, eskaintzen zizkieten baliabideak errefusatzen zituzten, edo adingabeen zentroetatik ihes egiten zuten.
Donostiaz gain, honako hirietan egin dituzte atxiloketa eta miaketak: Sevilla, Granada, Murtzia, Almeria, Cadiz, Malaga, Madril, Valentzia, Girona, Lleida, Tarragona, Leon, Huelva, Kordoba eta Bartzelona.
Biktima bakoitzari 18.000 euro eskatzen zizkioten
Sareak azpiegitura zabala zuen Vietnamen, biktimak erakarri, bidaia antolatu eta ordainketak ahalbideratzeko. Hego Ameriketako herrialdetan ere sareko kideak zituzten.
Sareak irabazi handiak zituen. Biktima bakoitzari 18.000 euro eskatzen zioten. Poliziaren arabera, urtarriletik 13 milioi euro baino gehiago irabazi ditu sareak.
Espainiako Estatuan, Huelvako Atzerritarren Bulegoko funtzionario bat atxilotu dute agenteek. Migratzaileei errolda agiri eta kontratu faltsuen ziurtagiriak egiten zizkien.
Era berean, sareko kideek "biktimei emandako tratu umiliagarria" ematen zietela nabarmendu dute ikertzaileek. "Etxebizitzetan sartzen zituzten, batzuetan zulo tankerakoetan, eta 12 orduko lanaldiak eginarazten zizkieten".