Gizartea -
Osasuna
Elgorriari aurre egiteko protokoloa abiarazi dute, Bilbon kasu bat antzeman ostean
Elgorriak jotako lagunak 40 urte ditu eta ospitalera eraman dute, Tailandiara egindako bidaia batetik bueltatu eta gero.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak elgorriari aurre egiteko protokoloa jarri du martxan, Bilbon kasu bat antzeman dutela baieztatu ostean.
Gaixotutako lagunak 40 urte ditu eta ospitale batera eraman dute, Tailandiara egin duen bidaiatik bueltatzean. Bere egoera egonkorra da, Osakidetzak gaur jakinarazi duenez.
Osasun Publikoko zuzendaritzak pertsona gehiago kutsatzea ekiditeko protokoloa abiarazi du, eta kaltetuarekin izan diren lagunekin harremanetan jarri dira, beharrezkoak diren neurriak hartzeko.
2012tik 2018ra bitartean ez da elgorri kasurik izan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Alabaina, gaitza Europan barrena zabaltzen ari da, eta aurten lau kasu izan dira Euskal Autonomia Erkidegoan: hiru Bizkaian eta bat Gipuzkoan. Lau kasuetan, izurrite-egoeran dauden herrialdeetan hartu zuten elgorria.
Osakidetzak ohartarazi du gaixotasun hori pasatu ez duten herritarrak nahiz immunizatu gabe daudenak kutsatzeko arriskuan egon daitezkeela. Elgorriaren kontrako txertoa umetan hartzen da, EAEn.