Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Emaztea erasotzea eta iraintzeagatik atxilotu dute Bermeon
Ustezko erasotzaileak aurrekariak zituen, izan ere, biktimak tratu txarrengatik hainbat salaketa jarri dizkio.
Erredakzioa
Ertzaintzak 40 urteko gizonezkoa atxilotu zuen atzo Bermeon, emaztea erasotu eta iraintzeagatik.
Atxiloketa Bermeon egin zuren, emakume batek tratu txarrengatik salaketa jarri eta gero. Biktimak senarra salatzea erabaki zuen azken egunetan erasoak eta irainak etengabe jasaten zituelako eta bere kontrako edo semeen kontrako eraso handiago baten beldur zelako.
Erasotzaileak aurrekariak zituela ikusi zuen Ertzaintzak; biktimak salaketa mordoa jarrita baitzituen Rumanian, bien jatorrizko herrialdean.
Handik gutxira, patruila batek gizona Bermeoko negutegi batean aurkitu eta atxilotu egin zuen emakumeen kontrako delitua egotzita.
Eibarko erasotzailea, kartzelan
Bestalde, Herrizango Sailak jakitera eman duenez, asteazkenean Eibarren bikotea jotzeagatik atxilotutako 30 urteko gizonezkoa Martuteneko kartzelan da.
Biktima haurdun zegoen eta laguntza eskatu zuen bikotekideak emandako jipoiek antsietate krisi bat eragin ostean. Bikoteak, gainera, etxean egotera behartzen zuen hiltzeko mehatxupean.