Gizartea -
30. edizioa
Sabino Arana sariak, Michel Camdessus, Txomin Bereciartua eta Ana Urquijorentzat
Dolores Redondok eta Junajo Menak ere jasoko dute Sabino Arana Fundazioak gizarteari zerbitzu esanguratsua eskaintzeko gaitasun agerikoa erakutsi dutenei ematen dieten golardoa.
eitb.eus
Txomin Bereciartua abade eta gizarte nahiz kultura ekintzaileak, Dolores Redondo idazleak, Juanjo Mena orkestra zuzendariak, Ana Urquijo abokatua eta higiezinen jabetzako agenteak eta Michel Camdessus ekonomialariak jasoko dituzte 2018ko Sabino Arana Sariak, urtarrilaren 27an, Bilboko Arriaga antzokian.
Sari horien bidez, Fundazioak “aitortza egiten die gizarteari zerbitzu esanguratsua eskaintzeko gaitasun agerikoa erakusten duten pertsona, erakunde edo elkarteei”.
Juan Mari Atutxa Sabino Arana Fundazioko presidenteak eta Irune Zuluaga zuzendariak azaldu dutenez, Txomin Bereciartua abade eta Novia Salcedo Fundazioaren sortzaile eta ohorezko presidentearen ibilbidea eta lan jardun oparo zein emankorra aintzatetsi eta saritu nahi dute, besteak beste.
Kulturaren arloan, bestalde, Dolores Redondo ‘Baztango trilogia’ liburu sailaren egilearen eta Juanjo Mena zuzendariaren ibilbideak goraipatuko dituzte sariotan.
Ana Urquijo abokatu eta higiezinen jabetzako agentek ere jasoko du saria urtarrilaren 27an, “berdintasuneranzko bidean, hesiak apurtzen aurrendaria izan delako, bereziki, gizonezkoak oraindik ere nagusi diren arloetako zuzendaritzetan”. Athleticeko presidentea izan zen lehen emakumea izan zen, besteak beste, baita Bizkaiko Abokatuen Bazkunaren zuzendaritza taldeko lehen emakumea ere.
Azkenik, Sabino Arana Fundazioak Michel Camdessus, “euskal herritar unibertsala eta, XX. mendearen azken herenean, munduko ekonomiaren eragile nagusietakoa”, sarituko du, “garapen eredu inklusiboaren aldeko ekarpenagatik”.
“Merkatuak darabilen oihanaren legearen aurrean, edozein prezioren trukeko mozkinak handiagotzearen aurrean eta eredu neoliberal edo zentralizatuen aurrean, garapen-eredu inklusiboa aldezten du Camdessusek, eredu horrek pertsonen duintasuna eta gizarte-kohesioa bermatzen dituelako” Fundazioaren hitzetan.