Gizartea -
Trafiko istripua, Bizkaian
Gidari batek autoan harrapatuta igaro du gaua Garain, aldapa batetik erori ostean
Gizonezkoak harramazkada batzuk baino ez zituen autotik atera dutenean. Halere, ezin izan da ibilgailutik bere kabuz irten, ateak blokeatuta zeudelako.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gidari batek auto barruan harrapatuta igaro du gaua Garain, 15 eta 20 metro arteko aldapa batetik erori eta hainbat itzulipurdi eman ostean. Istripua Oiz mendira doan errepidean gertatu da.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, gizonezkoak harramazkada batzuk baino ez zituen, eta autotik atera dutenean ezbeharra gertatu zen lekuan bertan artatu dute anbulantziako sanitarioek.
10:00ak aldera, Garaiko bizilagun batek jazotakoaren berri eman die emergentzia zerbitzuei, Goierri auzoko leku basotsu batean iraulitako autoa aurkitu baitu.
Esan bezala, gidaria onik zegoen, baina ez du lortu ibilgailuko ateak irekitzea.
Dirudienez, errepidetik atera zen autoa, hainbat itzulipurdi eman zituen eta zuhaitz baten aurka jo zuen.