Gizartea -

FENOMENOA ZERUAN

Euskal Herriko zerua zeharkatu du meteorito ikusgarri batek

Ezohiko fenomenoa denez, Euskal Herriko zerua zeharkatu duen meteoritoaren lekukotza bila dabil Iruñeko Planetarioa: formularioa zabaldu dute sarean irudiak eta lekukotzak biltzeko.

@alberto_mendi97k UPNAko meteorologoen kameratik hartutako irudia.
@alberto_mendi97k UPNAko meteorologoen kameratik hartutako irudia.
Euskal Herriko zerua zeharkatu du ustezko meteorito ikusgarri batek

1:32

E. JAUREGI

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ezusteko latza hartu zuten atzo hainbat herritarrek, 22:00ak pasata, zeruan distira handia zuen bola bat abiadan pasatzen ikusitakoan. Harridura eta asaldura ere ziztu bizian zabaldu ziren sare sozialetan.

Zer izan da? Ikusi al duzue? Eta antzeko galderak egiten zituen jendeak Twitterren, adibidez, eta #meteorito traolak indarra hartu zuen berehala. Lekukoek suzko bola bat ikusi eta haren leherketa entzun zutela kontatzen hasi ziren; Hego Euskal Herriko lurralde guztietan utzi zuen arrastoa meteoritoak, baina batez ere, Gipuzkoan eta Nafarroan ikusi zen argien; Beasain, Lazkao, Legazpi, Zumarraga, Zumaia, Lekunberri, Etxarri-Aranatz, Iruñea, Barañain, Beriain, Sarriguren, Lizarra, Burlata, Mutilva, Berrisuso, Peralta, Cadreita ...  eta Bizkaian ere, eman zuen zeresana; Bilbon, Leioan, Sopelan ... Leku askotatik ikusi zuten fenomenoa.

Argi ikusgarri bat deskribatu zuten guztiek, tximista baten antzekoa batzuek, eta izar izugarri baten antzekoa beste batzuek, izugarri deigarria guztientzat; eta zarata handi bat ere bai, Iruñea ingurukoek zein goierritarrek:

Mezuek indarra hartu eta gutxira, bolidoaren (suzko bola baten itxura eta distira handia zuten meteoritoei antzina ematen zieten izena) teoria egiaztatu zuen baieztapena etorri zen. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kamera batek bolidoa erretratatu zuen Iruñea gainean:

Antza denez, Iberiar penintsularen iparralde osoa zeharkatu zuen bart meteorito horrek: Asturiastik Tarragonara arte jaso dira lekukotzak. Argi urdin-berde distiratsu berdina ikusi dute denek, baina leherketa, antza denez, gurean entzun da, batez ere.

Gauzak honela, Iruñeko Planetarioak formulario bat jarri du herritarren eskura, lekukotza zein irudi grafikoak biltzeko eta erregistroa eguneratzeko: Bolidoen erregistro inprimakia.

Javier Armentia Planetarioko zuzendariak komunikabideei azaldu dienez, bolidoa atmosferara izugarrizko abiaduran sartzen den elementu solidoa da eta airearekin duen kontaktu bortitzagatik sortzen du distira edo argi ikusgarri hori. Askotan lurretik oso gertu igarotzen ari dela ematen omen du, baina benetan, 70-100 kilometroko altueran pasatzen da, segundoko 20 kilometroko abiaduran. "Artizarrak baino argi gehiago eragin du, beraz, bolido bat izan da" azaldu du Miren Karmele Gomez Iruñeko Planetarioko izar eskolako arduradunak Euskadi Irratian.

Iruñea aldean lehertu zen bolidoa eta "su artifizial antzekoa" iruditu zitzaien amaiera hori Euskadi Irratiko entzule askori. Armentiak kontatu duenez, jada antolatu dira hainbat lagun Nafarroa erdialdean bolidoaren zatiak aurkitzera joateko. Zaila izango den arren, oso garrantzitsua litzateke zatiren bat auekitzea, espaziotik datorren materiala izaki, oso interesgarriak baitira zientzialarientzat.

Gogoan izan behar da hilabete honetarako izar-jasa bat zegoela iragarria: geminidak, hain zuzen ere. Abenduaren 4tik 17ra bitartean egon dira ikusgai eta batzuk uste dute horietakoren bat izan zela atzo gauekoa.

Fenomeno polita izan da, azkenean, eta oporretarako bilaketa-plana ere sortu die batzuei. Hala, bart Euskal Herritik igaro zen meteoritoa anekdota positiboan geratu da, eta ez duela ondorio txarrik utzi. Ez du zerikusirik izan 2013an Errusiatik iritsi ziren irudi hauekin: Meteorito bat lehertu eta 1000 pertsona inguru zauritu ziren Ural mendien inguruetan.

 

Errusian erori den meteoritoaren irudi ikusgarriak
Errusian erori den meteoritoaren irudi ikusgarriak
Errusian erori den meteoritoaren irudi ikusgarriak

1:14

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko argazkiak Gipuzkoa Nafarroa gaur Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa