Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gizon bat atxilotu dute bikotekideari eraso egiteagatik Bilbon
28 urteko gizonezkoari emakumeen aurkako indarkeria delitu bat leporatzen diote. Gizonak 25 urteko emakumea iraindu zuen eta eskuekin lepotik heldu zion Zamakola kaleko etxebizitza batean.
Erredakzioa
28 urteko gizon bat atxilotu zuten igandean, Bilbon, bikotekideari eraso egiteagatik. Antza denez, emakumearekin eztabaida izan zuen erasotzaileak, izan ere, harremana bertan behera utzi nahi zuen biktimak.
Udaltzaingoak komunikatu baten bidez jakinarazi duenez, gizonezkoari emakumeen aurkako indarkeria delitu bat leporatzen diote.
Erasoa jasan ostean, 25 urteko emakumeak salaketa aurkeztu zuen bikotekidearen aurka. Hamar hilabeteko harremana zuen bikoteak.
Zamakola
Gertakariak Zamakola kaleko etxebizitza batean jazo ziren. Gizonak emakumea iraindu zuen. Era berean, biktimari mehatxu egin eta bultzakadak eman zizkion. Azkenik, eskuekin lepotik heldu eta arnasketa eragotzi zion emakumeari erasotzaileak.
Emakumeak ihes egitea lortu zuen eta etxebizitzatik atera zen Udaltzaingoaren aurrean salaketa jartzeko. Ondoren, erasotzailea bertan agertu eta atxilotu egin zuten.