Gizartea -

Errege dekretua

Orduko 90 kilometrora jaitsiko dute abiadura muga bigarren mailako errepideetan

Kamioiek, furgonetek, autobusek (bidaiarientzako segurtasun uhalik ez badute) eta gainerako ibilgailuek ezingo dute orduko 80 kilometroko abiadura gainditu.

Trafikoa. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Orduko 90 kilometrora jaitsiko dute abiadura muga
Trafikoa. ETBren bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ministro Kontseiluan eztabaidatuko du gaur Espainiako Gobernuak ohiko errepideetan abiadura muga orduko 90 kilometrora jaistea, Barne Ministerioko iturriek baieztatu dutenez.

Hartara, orduko 90 eta 100 kilometro arteko abiadura baimentzen duten errei bakarreko errepideetan ezarriko dute neurri berria. Izan ere, bigarren mailako errepidean gertatzen dira trafiko istripu gehienak.

Gainera, kamioiek, furgonetek, autobusek (bidaiarientzako segurtasun uhalik ez badute) eta gainerako ibilgailuek ezingo dute orduko 80 kilometroko abiadura gainditu.

Horrenbestez, neurria onartzen badute, urtarrilaren amaieratik aurrera egongo da indarrean araudi berria. Halere, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu behar dute lehendabizi (aurreikusitakoaren arabera, urtarrilaren lehenengo astean), eta Trafiko Zuzendaritzak 30 eguneko epea izango du errepideetako seinaleak aldatzeko. Behin horiek aldatuta, araudi berria aplikatzen hasiko lirateke.

Neurri horrek 10.000 kilometrotan izango du eragina, baina badu salbuespen bat: bi noranzkoak fisikoki banatuta duten errepideetan, orduko 100 kilometroko abiaduran ibili ahal izango dira autoak eta motorrak.

Abiadura muga jaistea Pere Navarro Trafiko zuzendari nagusiak eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak hartutako neurri "berrietako" bat izango da. Espainiako Gobernuan daramaten denboran (sei hilabete) abiadura jaistearen alde agertu dira biak.

Are gehiago, Barne Ministerioaren asmoa zen araudi berria 2019ko urtarrilerako indarrean egotea, errege dekretuan zehaztu dutenez.

Esan bezala, biktimak eragin dituzten istripuen % 75 ohiko errepideetan jazo dira. Gainera, kasu horien % 20an gehiegizko abiaduratik gertatu dira ezbeharrak.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Espainiako Gobernua Gizartea Eguneko albisteak Albisteak 634 errepide nazionala