Gizartea -
Arin zauritu dute
Gizon bati tiro egin diote Bilbon, San Frantzisko kalean
34 urteko zauritua ospitalera eraman behar izan dute. Antza denez, zauri arinak ditu biktimak. Bi erasotzailek tiro egin diote.
Agentziak | Erredakzioa
34 urteko gizon bat ospitalera eraman behar izan dute. Bilboko San Frantzisko kalean, etxebizitza batean tiro egin diote bi gizonek, eta iztai aldean zauritu dute, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Gertakariak ostegunean jazo ziren, 19:50 aldera. Bi gizon biktimaren etxean agertu ziren, eta tiro egin zioten, zaurituak Ertzaintzari azaldu dionez. Antza denez, zauri arinak ditu biktimak.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du, gertakariaren inguruabarrak argitzeko eta bi erasotzaileak aurkitzeko.
Kontu-garbitze bat izan dela uste du Ertzaintzak. Tiroak biktima “errebotez” harrapatu duela erantsi dute Poliziako iturriek.
Aurreneko ikerketen arabera, tiroak zeharka jo du. Horregatik, erasotzaileen helburua “ikaratzea, abisu bat” ematea zela ondorioztatu du Poliziak.
Dirudienez, bi erasotzaileak atzerritarrak dira, eta Madriletik Euskadira etorri ziren.