Gizartea -
Hilabete honetarako prest
Ehiza lege berriak 100 metrotako segurtasun-eremua aurreikusiko du
Euskadiko araudi berriak hasieran adostutakoa baino segurtasun-eremu murritzago aurreikusiko du: baserrietatik 100 metrotara, eta ehiza-larriaren kasuan, 200 metrotara.
Erredakzioa
Tiro egiteko segurtasun-eremua 150 metrotik 100 metrora murriztuko du ehizaren lege berriak. Horrela, ehiztariek distantzia hori errespetatu beharko dute bizitzeko egoki diren baserrien eta etxeen inguruan.
Segurtasun-eremua murriztea adostu dute gaur EAJk, PSEk eta PPk. Horrela, inguruko erkidegoek duten araudira moldatu dute lege berria. Araua Eusko Legebiltzarrak onartu behar du orain osoko bilkuran.
Segurtasun-eremua eztabaidagairik polemikoena izan da eta ehiztarien elkarteak Legebiltzarreko taldeen iritziaren aurka azaldu dira. Azken unera arte, gaurko batzordera arte, segurtasun-eremua polemikak inguratu du.
Batzorde txostengilean, baserrien eta etxeen kasuan muga 150 metrotan uztea adostu zuten talde politikoek, eta 200 metrotan landa-nukleoen, landetxeen eta abeltzaintzako ustiategien kasuan.
Ehiztariak
Segurtasun-eremua baino garrantzitsuagoa etxeei edo eraikuntzei bizkarra emanez tiro egitea zela argudiatu dute beti ehiztariek. Orain Gasteizko Ganberak beste irtenbide bat proposatu eta segurtasun-eremua 50 metro murriztu du.
Polemikak Bizkaiari eta Gipuzkoari eragiten die soilik, bertan ehiza libre delako. Araban, ostera, ehiza-barrutietan praktika daiteke bakarrik. 110.000 lagunek ehiza-baimena dute EAEn. Lege berriak 1970eko araua ordezkatuko du eta martxoan onartuko du Legebiltzarrak.