Gizartea -
2,5 milioiraino
Etorkinen kopuruak behera egin du Espainian lehen aldiz
Europar Batasunetik kanpoko etorkinen kopuruak % 1,45 behera egin du 2010ean, 2,5 milioiraino.
Erredakzioa
Europar Batasunetik kanpoko etorkinen kopuruak behera egin du 2010ean Espainian lehen aldiz. 37.056 lagun gutxiagok eman dute izena etorkinen Erregimen Orokorrean; hau da, % 1,45 gutxiago 2009arekin alderatuta. 2. 524.976 etorkin daude Espainian egoitza-baimenarekin.
Estatuko immigrazio eta atzerriratze idazkaritzaren estatistiken arabera, ekuadortarrak (% 10,78 gutxiago), argentinarrak (% 9,83) eta kolonbiarrak (% 7,73 gutxiago) izan dira beherakada handiena jasan dutenak. Era berean, Espainian bizi diren perutarren (% 5,51), brasildarren (% 3,32), kubatarren (% 3,45) eta filipinarren (% 1,12) kopuruak behera egin du.
Dena den, Espainian bizi diren etorkinen kopurua (atzerritarrak eta Europar Batasunekoak) 4.926.608 ziren 2010ean. Horietatik, % 48,75 (2.401.632) Europar Batasunetik kanpo etorri dira.
Herritartasunari begira, errumaniarrak dira talderik ugariena, 840.682 lagunekin. Marokoarrak dira bigarren talde handiena, 757.809 lagunekin, eta ekuadortarrak, % 10,8 behera egin arren, hirugarren taldea dira, 369.692 lagunekin.