Gizartea -
Gabonak
Gizartean baztertuta edo baztertze arriskuan dauden pertsonen Gabonak
Otxarkoagako zentro batean izan gara, kalteberatasun egoeran dauden hainbat pertsonak Gabonak nola pasatzen dituzten ezagutzeko.
Eitb.eus
Bizkaian baztertuta edo baztertze arriskuan dauden pertsonak gizarteratzea helburu duen Bizitegi elkarteko 50 erabiltzailek baino gehiagok elkarrekin igarotzen dituzte Gabonak, Otxarkoagako (Bilbo) Iruminetxe zentroan.
Sonia Gorbeña gizarte hezitzaileak azaldu duenez, familiarekin kontakturik ez duten pertsonek ziur aski nolabaiteko etsipena sentituko dute Gabonetan, ospakizun garaia delako; baina ez du uste “egun pare batzuek” haiengan eragin handirik izango dutenik.
“Sare sozial baten falta izatea tamalgarria da”, adierazi du Gorbeñak. Horren esanetan, familiarekin harremanik ez duten pertsonen ehunekoa oso handia da Bizitegin. Hori dela eta, Gabon-gauan 57 pertsonak elkarrekin afaldu dute.
Bizitegin idealizazioak saihestu nahi dituzten arren, han bizi diren pertsona batzuentzat elkartea bera da bere familia, eta denbora pasatu ahala hezitzaileek ere horrela ikusten dute. “Gure bizitzaren parte dira, oso pertsona inportanteak”, adierazi du Gorbeñak.
Iruminetxe zentroaren erabiltzaile batentzat, Javirentzat, adibidez, Bizitegi bere bigarren etxea izan da: “Eskerrak ematen ditut emandako aukerengatik”.
Gabon-gaueko egunean, txokolate-jana bat egin dutela eta kalez kale Olentzeroren kanta abestu dutela kontatu du Javik. Afarira begira, eta kideak gustura egon daitezen, laguntzeko prest agertu da: “Nahiko urduria nahiz eta posible den guztian parte hartzen dut. Lankide ona naizela uste dut”. Gorbeña ados dago: “Ez pentsa kortesia hutsagatik esan duela. Hala egingo du”.
Gabonetako ekintza gehiago
Gabonetako talde bazkariez eta afariez gain, Bizitegik hainbat jarduera prestatzen ditu urtero, hala nola literatur tailerra, Juan Perez langileak azaldu duenez.
Bizitegi elkarteak ekintza gehiago eskaini ditu: Gabonetako postalen tailerra, hainbat opari irabazteko mahai-jokoak eta munduko Gabonen tailer bat, besteak beste.
Perezen esanetan, Gabonetako eta udako bazkarietan erabiltzaileak normalizaziora hurbiltzen dira. Egun horietan, harremanekin zerikusia duen guztia kontuan izaten dutela azpimarratu du Gorbeñak. Adibidez, “niretzat garrantzitsua zara” esatea.
Bestalde, herritarren elkartasun eta parte-hartze maila urte osoan berdina dela uste dute hezitzaileek. Dena dela, garai hauetan pasadizo hunkigarriak gerta daitezke, azken egunetan emandakoa, kasu: familia batek janaria erosi du Bizitegiko erabiltzaileentzat, Gabonetako opariak erosteko erabiliko zuen diruarekin.
“Badago irtenbidea”
Gorbeñaren ustez, hainbat faktorek bultza dezakete pertsona bat bazterketa sozialera, eta faktore horiek ez dute zertan izan drogak, buruko gaitzak edo harreman sozialen falta. “Gerta daiteke baliabide ekonomikoak izatea, baina ez, ordea, sare familiarrik edo sozialik, eta horrek bakardadera eta isolamendura eraman ahal zaitu”, gaineratu du.
Perez bat dator bere lankidearekin: “Egoera horiek ez dira muturrekoak izan behar; bazterketa faktore-multzoa da, eta, horien ondorioz, hainbat pertsonak laguntza behar dute”. Horren aburuz, ikuspuntu motza da gizarte bazterketa txirotasun ekonomikoarekin lotzea.
Bazterketa prozesuetan sartzen direnean, erabiltzaileek bizitza osoan zama horrekin bizi beharko luketela pentsatzea arazoa dela dio Perezek: “Gehienek euren buruei baino ez diete egin kalte, baina estigma edo zama horrekin bizi behar dute. Bidegabekeria pertsonal bat egoteaz gain, injustizia sozial bat existitzen dela pentsarazten digu horrek”.
Horren haritik, Gorbeña irmo agertu da: “Posible da gizarte bazterketatik ateratzea”.
Sonia Gorbeña, Javi eta Juan Perez Iruminetxeko egoitza txikian (Otxargoaka)
Etxebizitza gabeko 2.000 pertsona baino gehiago Euskadin
Etxerik Gabeko Pertsonentzako Euskal Estrategiaren azken datuen arabera (2016koak dira), guztira etxebizitzarik gabeko 2.009 pertsona daude Euskadin, eta tasa handiena Gipuzkoan dago.
Pertsona horien % 13,6 egitura edo leku publikoetan zeuden; beste % 86,4ak, berriz, etxegabeentzako ostatuetan edo zentroetan bizi ziren.
Generoa alderatuz gero, % 25,1 emakumeak ziren. Zehazki, kalean topatutako % 7,9 eta ostatuetan zeuden % 28 ziren andreak. Gorbeñaren azalpenen arabera, emakumeek kalte kognitibo handiak dituzte kalera bizitzera joaten direnean. “Gizonak lehenago ateratzen dira eta gizarteratze prozesuak, kasu batzuetan, arrakasta handikoak dira”, zehaztu du.
Ikerketaren arabera , 274 pertsona bizi ziren kalean 2016an, baina baliteke harrezkero zenbaki hori % 78 hazi izana, eta zentroetan daudenen kopurua ere % 38 igo izana.
Nola laguntzen du Bizitegik
Bizitegi Bizkaian baztertuak izateko arriskuan dauden eta baztertze egoera dauden pertsonak gizarteratzea xede duen elkarte-izaerako erakundea da. Elkarte horrek hainbat bazkidek, langilek, erabiltzailek eta boluntariok osatzen dute eta bost laguntza-unitatetan antolatuta dago.
Unitate bakoitzaren funtzionamendua desberdina da; horietan bizi diren pertsonen ahalmenen araberakoa da. Iruminetxeko egoitzak, adibidez, intentsitate altukoa dahezitzaileek 24 orduz lan egiten dutelako eta eskakizun maila baxukoa, hau da, malgutasun handiagokoa. Otxarkoagan eskaintzen dituzten pisuak, berriz, eskakizun maila ertainekoak dira, Gorbeñaren esanetan: “Sukaldea jasotzeko, harrikoa egiteko eta ohea esaten diegu”.
Bizitegin nork bere zaletasunak dauzka eta, Javiren esanetan, “bakoitzak ahal duen neurrian garatzen ditu”. Gehien gustuko dituen ekintzen artean, mendira eta igerilekura joatea, irakurtzea eta musika entzutea nabarmentzen ditu. Beste batzuek eskulanak egitea nahiago dute. Horietako bat Arturo da; 150 mandala baino gehiago margotu eta Bizitegiko langileen eta Otxarkoagako auzokideen erretratuz betetako bi liburu marraztu ditu.
Iruminetxeko erabiltzaileek margotutako mandalak
Elkarlana
Gorbeñaren arabera, herritarren parte-hartze maila oso altua da. Bizitegi elkarteak hiriko hainbat ekintzatan parte hartzen du, hala nola Otxarkoagako Jai Batzordean eta auzoko 'Osasun Day' jaialdian.
Elkartearekin lan egiten duen boluntarioen taldeari dagokionez, profil ezberdinak dituztela adierazi du Perezek. Besteak beste, mendizalea den boluntario batek Bizitegiko pertsonekin zenbait irteera egiten ditu urtean: hilabetean bizpahiru txango eta urtean hiruzpalau bidaia. Horrez gain, beste boluntario batzuek alfabetatze eta gaztelania klaseak ematen dituzte, antzerkiak zuzentzen dituzte edota arropa dendan egoten dira.
Nahiz eta Bizitegi boluntariotzatik jaio, hasieran baino pisu txikiagoa du boluntarioren lanak. “Gaur dauzkagun boluntarioak ordu bateko edo biko ekintza jakin bat egiten duten pertsonak dira”, azaldu du Gorbeñak. Hala ere, proiektua pentsatzeko boluntarioen bila daude.