Gizartea -
Lapurretak
Ibilgailuetan lapurtzeko metodo berri bat antzeman dute Donostian
Ibilgailuak ixteko urrutiko agintearen frekuentzia baliogabetzen duen gailu elektroniko bat erabilita lapurretan aritu diren bi gizon atxilotu ditu Udaltzaingoak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donostiako Udaltzaingoak ohartarazi du ibilgailuak ixteko urrutiko agintearen frekuentzia baliogabetuz autoetan egindako lapurreten kopuruak gora egin duela azkenaldian.
Udalak ohar batean azaldu duenez, metodo hori erabilita ibilgailuetan lapurretak egin dituzten bi pertsona atxilotu dituzte azken asteotan Donostian.
Biktimak ibilgailua aparkatu eta ateak ixteko urrutiko aginteari sakatzen dion arte zain egoten dira. Une horretan, aipatu gailu elektronikoaren bidez, autoa ixteko urrituko agintearen frekuentzia baliorik gabe uzten dute, eta gidaria ingurutik aldentzen denean, ibilgailuan sartzen dira, atea indarkeriaz zabaltzeko inolako beharrik gabe, lapurreta egiteko.
Gauzak horrela, ibilgailuko ateak arretaz ixteko deia egin die Donostiako Udaltzaingoak gidariei, batez ere merkantzia garraiatzen lan egiten dutenei eta saltoki-gune handietara joaten diren herritarrei.