Gizartea -

BARTZELONA

Hiru pertsona hil dira Badalonan izandako sute batean

Beste 16 pertsona ospitalera eraman behar izan dituzte: zazpi biktima Vall d’Hebronera eraman dituzte, horien artean haurtxo bat egoera kritikoan, adineko bat oso larri eta bost zauritu arin.

Argazkia: EFE.
Argazkia: EFE.
Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru pertsona hil dira eta gutxienez 15 zauritu gaur goizean Badalonako (Bartzelona) etxebizitza eraikin batean piztu den sutean.

Generalitateko  Suhiltzaileek jakitera eman dutenez, 09:00ak inguruan piztu da sua 10 solairuko eraikin batean.

Zaurituetako hiru pertsona oso larri daude. Horietako bik sugarretatik ihesi leihotik behera egin dute salto, larrialdietarako zerbitzuen arabera.  Beste zauritua haur txiki bat da.

Generalitateko suhiltzaileak sua itzaltzea lortu dute 13:44 aldera.

Guztira, 32 pertsonari eragin die, horietako 16 ospitalera eraman behar izan dituzte: zazpi biktima Vall d’Hebron ospitalera eraman dituzte, horien artean haurtxoa, adineko bat oso larri eta bost zauritu arin. Azkenaurrekoa eraikinetik erori da.

13 pertsona tokian bertan artatu dituzte, eta sendagiria eman diete medikuek.

Hiru hildakoak bederatzigarren (92 urteko emakume bat) eta zortzigarren (oraindik identifikatzeke dauden bi pertsona) solairuetan zeuden.

Suhiltzaileek agiri batean azaldu dutenez, sutea lehen solairuko etxebizitza batean hasi da. Esquadra Mossoak arrazoiak ikertzen ari dira.

Sutea azkar zabaldu da eskaileratik gora, eta zortzi solairuri eragin die. Lau etxebizitza guztiz kiskali ditu.

Udaleko teknikariak eta suhiltzaileak egindako azterketaren arabera, suak ez dio eraikinaren egiturari kalterik egin.

Bartzelonako eta Generalitateko suhiltzaileek sua itzaltzeko lanetan parte hartu dute. Era berean, eraikinaren aurrealdeko zein atzealdeko fatxadetatik bizilagun gehienak atera dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bartzelona Suteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak