Gizartea -
Alerta alergikoentzat
Polen kaltegarriak eta iraunkorragoak udaberrirako
Kutsadura maila altuak eta klima aldaketak landareen fisiologia aldatuko dute, eta polenak askoz ere kaltegarriagoak eta iraunkorragoak izatea eragingo du horrek.
Erredakzioa
Landareak gizakiak eragindako gaitzez (klima aldaketa eta kutsadura) mendekatuko dira udaberri honetan; atmosferan denbora gehiago egongo diren polen askoz ere kaltegarriagoak igorriko dituzte.
Alergologia eta Immunologia Klinikoaren Espainiako Elkarteko (SEAIC) adituek prentsaurreko batean adierazi dutenez, Estatuko hainbat hirik otsailean jasan duten kutsadura maila altuak estres handia eragin die landareei, eta horien fisiologia aldatu du. Horren ondorioz, polenak kaltegarriagoak izango dira aurten.
Francisco Feo doktoreak, SEAICen Aerobiologia Batzordearen koordinatzaileak, "udaberri luzeagoa" eta gogorragoa iragarri du Estatuko sei milioi alergikoentzat; ez kutsadurarengatik soilik, baizik eta klima aldaketaren ondorioengatik ere.
Hori dela eta, alergikoak martxoan hasiko dira sintomak nabaritzen, "baina apirilean, maiatzean eta ekainean areagotuko dira horiek".
Penintsularen erdialdean eta hegoaldean, polinizazio gogorra izango da: 5.400 polen ale izango dituzte aire metro kubikoko (200gr/m3 egunean, batez beste). Gainerako hirietan, berriz, ez da horren gogorra izango.
Jose Maria Olaguibel SEAICen presidenteak adierazi duenez, gramineoen polena da zabalduena: hamar gaixotatik zortzik jasaten dituzte haien kalteak. Urri eta martxo arteko hezetasunak eta plubiositateak markatzen dute horren intentsitatea.
Hala ere, udaberriko agente honek gaixoengan izango duen "benetako eragina" maiatzean neurtu beharko da, orduan izaten baita polonizazioa.
"Polen mota honi alergia diotenentzat, arrisku-faktorerik handiena maiatzean antizikloi bat izatea da; eguraldi lehorra eta tenperatura epelak dira egoera txarrena", esan du Feok.
Aitzitik, polinizazio garaian euria eta eguraldi hezea badaude, polenaren kontzentrazio maila jaisten da eta sintomatologia txikiagoa izaten laguntzen du.
Iragarpenek sintomatologia zabala iragarri duten arren, Olaguibelen arabera horrek ez du arazo "larria" ekarri behar, gaixoek medikuen tratamenduak betetzen badituzte.